Tren Soziala Bai - AHTrik EZ! plataformatik oso modu positiboan baloratzen dugu Altsasun martxoaren 30ean “Tren Soziala Bai - AHT Gelditu”. Herritarren borondatea errespetatu!” leloarekin egindako manifestazioa. Izan ere, sei mila pertsonek osatutako uholdez bete genituen Altsasuko kaleak eta hori zinez pozgarria da.
Lehenik eta behin, esker ona adierazi nahi diegu parte hartu zuten pertsona guztiei, atxikimendua azaldu dutenei, itxirik egon ziren tabernei eta, bereziki, manifestazioari halako ukitu alaia eta koloretsua eman zioten animazioko talde eta pertsona guztiei.
Manifestazioari giro alaia eman nahi izan genion trenaren ereduaren eztabaidan arrazoiak erabat gure alde daudelako, eta hori ospatu nahi izan dugu. Hori horrela, gure aldarrikapenetan inoiz baino irmoago gaude, hau da, Tren sozialaren aldeko apustu argia egiten dugu, alegia, egungo trena garatuz gaitasun goreneko trena lor daiteke, Europako estandarretara egokitua eta Mediterraneo-Atlantiko ardatzean kokatua.
Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuaren eta alderdi politiko batzuen konplizitateaz ezarri nahi duen AHTren eredua, ekonomikoki eta gizartearekiko zerbitzuen aldetik, porrot ikaragarria da; horrelaxe ondorioztatzen dute ekonomian aditu direnen ikerketa objektiboen lanek. Gainera, kalte larriak eragingo lituzke gure ingurumenean eta herriak eta eskualdea txirotuko lituzke, despopulazioa bulkatuz. Gure eskualdean halako txikizioa eginda, gelditu ere ez litzateke geldituko trena.
Horregatik, Espainiako eta Nafarroako gobernuei egiten diegun eskaria da Alesbes-Tafallan hasitako obrak gelditzea, egungo trena garatzeko ikerketa sakon eta objektiboa egitea, emaitzak jendaurrean jartzea, horien gainean herritarrei kontsulta egitea eta emaitza errespetatzea.
Hori horrela, garaia da trenaren garapenaren eredu zaharra aldatzeko eta egungo beharretara egokitzeko, Europako eta munduko herrialde garatu guztiek egiten duten bezalaxe. Absurdoa da eredu suntsitzaile eta diru publikoaren xahutzaile hori justifikatzea dagoeneko eginik dauden gastuak errentabilizatzeko modu bezala, edo ehun urterako proiekzioa eginez, hiru belaunalditako obra publikoa zorpetuz. Ez dugu utziko gure etorkizuna izorratzea!