Lekukoa izateaz harro

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Balda 2019ko api. 5a, 08:50

Hurbil daukagu hitzordua. Garunean iltzatua dut hit bilakatu den zure doinua, eta oinak saltoka jartzen zaizkit, ezinbestean, txistuka hasten naizenero. Kaleetako afixek zure bira iragartzen didate nonahi; ez, ez nizuke inola ere huts egingo.
Oholtza gainera irteten ikusiko zaitut, eta, orduan, zaleen txalo zaparradari batuko natzaio, eztarria urratuko zait zure izena garraxika; algara bihurtuko naiz neu ere festa giro eromenezkoan.
Gogoan izango zaitut, gau eta egun, eta bekaitzez so egingo diet laztantzen zaituzten eskuei, jasotzen zaituzten besoei. Jarraituko zaitut Twiterren, Facebooken eta Instagramen. Ikusiko zaitut kantari, bertsolari, aktore eta politikoei helduta. Hunkituko nau zure ibilerak ume eta ezinduekin zoazela. Poztuko nau batzuek nahi ez zaituzten lekuetan zein maitale handiak dituzun sumatzeak.
Irrikaz itxarongo zaitut. Zure izena daraman elastikoa jantzi eta lehertzera aterako naiz. Errepide bazterrean itxarongo zaitut, gauez, ilun eta hotz izanagatik. Zirrara luze batek hartuko nau bozina soinuak isiltasuna urratzen duenean, zure kalejiraren hotsa eta argia gerturatzen ikusten ditudanean. Salto eta jauzika berotuko ditut giharrak, eta azkenik, musika eta oihuek bildu orduko nire eskuak gora jasoko zaitu, gorago! Bidez bide eraman zaituztenen izerdiarekin nahastuko da nirea, eta unearen emozioaz, ez dut jakingo nork daraman nor, harik eta hurrengo kilometroan beste esku urduri batean askatuko zaitudan arte. Indarra galdurik, urruntzen ikusiko zaitut orduan, eta jarraitzen saiatuko naizen arren, agurtu beharko zaitut, zoriontsu eta harro, hala ere.    
Zoriontsu eta harro Gasteizko helmugara iristen ikusiko zaitut, oholtzara igotzen. Zoriontsu haraino iristen lagunduko zaituzten milaka hanka paretako bat izateagatik. Eta batez ere, harro. Harro euren gurasoengandik lekukoa ezin jaso eta niri berreskuratzeko aukera eman zidaten gurasoez. Harro baliabide urriekin euskararen lekukoa pasa zidaten irakasleez. Harro, hortaz, nire euskara batuaz. Harro sasi guztien gainetik Lingua navarrorumaren lekukoari eusten dioten nafar euskalduna izateaz. Lekukoa hartu eta pasatzeaz, harro.