Hauteskunde-kanpaina

Berriz ere hauteskunde kanpaina aspergarri batean sartu gara. Oraindik ez da iritsi hautua eskatzeko eguna eta hitzez eta ekintzez txoko guztiak kakazten ari dira. Buru belarri lehiatzen hasiak dira, ea nork esaten duen astakeririk handiena eta, oraingoan, uste dut marka guztiak hausten ari direla; lotsa galdu dute erabat.
Zati batean, errua ez da izango gurea? Kezkatzekoa da zabaltzen dituzten mezuak nola hedatzen diren sareetan, kezkagarriak diren mezuak barregarri bilakatzen dituzte eta ez dut uste horrek mesede egiten digunik, behar bada pozik ikusten dira beraiek, bada erdaraz esaera zahar bat: “Ande yo caliente y riase la gente”.

Jubilatu eta pentsionistek arduraz jokatu nahi dugu. Hauteskundeak iragarri aurretik hitzartua genuen bilera talde ezberdinetako ordezkariekin, Madrilen, erkidekoekin egon ondoren eta, gehienek Pentsio Sistema Publikoa, K.P.I.ren igoera automatikoa, Jasangarritasunaren faktorea indargabetzea, Genero arrakala… defendatzeko prest agertu arren, ez da aski. Borrokari eusten ez badiogu beti gertatu dena gertatuko da, hitzak haizeak eramaten dituela.

Gu gure kanpaina egitera behartuak gaude,ez gara egongo esango digutenaren zain, badakigu ze behar dugun eta kaleratuko ditugu gure beharrak, entzun diezaigutela eta, jakin dezatela, gure kanpaina ez dela bukatuko Apirilaren 28an edo Maiatzaren 26an. Eta konturatu gaitezen gure botoekin agintea lortzen dutenean, gehienetan, gure interesen kontrako erabakiak hartu izan dituztela: murrizketak, 0,25, jubilatzeko adina atzeratu, azkeneko 25 urteetako kotizazioaren  arabera ezarri pentsioa… Beraz, kontzentrazioekin jarraituko dugu eta Apirilaren 13an eta Maiatzaren 11an manifestazio jendetsuak egiteko lanean hasi gara.

ETA ADI, DENAK EZ DIRA BERDINAK, GURE ETORKIZUNA GURE BOTOAK ERABAKIKO DU.