Ibarreko merkataritza osasuntsuaren alde

Guaixe 2019ko api. 6a, 09:44

Irurtzungo San Martin kalea.

Denden erreleboen pasan eta dendak jartzeko prozesuetan laguntza ematen elkarlanean ariko dira Sakanako Garapen Agentzia eta Cederna-Garalur. Ekimen horrekin, bi erakundeen elkarlan arloak indartzeko estrategia adostu baten lehen pausoak eman dira eta aurrerantzean gehiago etorriko direla aurreratu dute.

Komertzioaren osasuna gure herrien bizia dela sinetsita, Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Cederna-Garalurrek elkarlanean Heldu komertzioari! proiektua jarri dute martxan. Bi errealitatek bat egiten dute egitasmo horretan. Alde batetik, SGAk egindako “ibarreko merkataritzaren azterketan agerian gelditu zen Sakanako komertzio batzuek errelebo edo jarraikortasunerako arazoak izanen dituztela, batez ere, hemendik urte gutxira”. SGAko elikadura teknikari Nerea Vianaren azalpena da. Bestetik, Cederna-Garalurreko Susana Mendinuetak gogorarazi du eskarmentu handia dutela bideragarritasun planak egiten, aholkularitza eta prestakuntza saioetan.

Beraz, bi erakundeek berriki sinatu duten elkarlan akordioaren barruan “Sakanako komertzio txikia mantentzeko eta indartzeko Heldu komertzioari proiektua dute eskuartean. Vianak azaldu duenez, “leloa herritarrei dei bat da: kontsumitzaile gisa eta ekintzaile moduan, komertzioan lanbide aukera bat izan dezakeelako”. Mendinuetak borobildu du: “Sakanako herriak bizirik mantentzeko, komertzioak bizirik behar baitu”.  

Hori lortzeko bi eragileek euren ezagutzak eta baliabideak partekatuko dituzte. Aurreratu digutenez, “proiektua hainbat fasez osaturiko ibilbide baten moduan planteatuko da”. Lehenik, SGAk komertzioen prospekzioa eta lehen azterketa eginen du, ondorengo faseetarako baldintzetan dauden komertzioak identifikatuz. Ondoren, Cederna-Garalurrek komertzio horien bideragarritasun azterketa, ekintzaileen identifikazioa, bitartekaritza eta ekintzailetzaren sustapena hartuko ditu bere gain.

Baliabideak
Hiru baliabide multzo daude. Alde batetik, diru-laguntzak: prestakuntza ekintzetarako; merkataritza enpresa txikien lehiakortasuna hobetzeko eta ekintzailetza sustatzeko; denda txikien elkarteen kudeaketarako eta sustapenerako; dendak biziberritzeko eta diagnosiak, planak eta enpresa analisiak egiteko. Bestetik, negozio eredua, landa merkataritza programa dago, landa-eremuko komertzioa berritu eta modernizatzeko negozioen errentagarritasuna handitu eta bizimodua hobetzea helburu duena.

Azkenik, ekintzailetza zerbitzua dago, ekintzaileei edo negozio berri bat martxan jarri nahi dutenei Cederna Garalurrek eskaintzen diena: negozioa martxan jartzeko ideia definitzen, bideragarritasuna aztertzen eta aholkularitza ematen du; enpresa finkatzeko lehiakortasuna, dibertsifikazioa lantzen ditu eta espezializatutako prestakuntza eskaintzen du kontu, zerga edo tramiteen arloan, esaterako.

%20 itxi
2018an egindako ikerketak agerian utzi zuen bost komertzioetatik batek bost urte edo lehenago itxiko zuela.