Udal guztiek Klima eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Ituna sinatu dute

Guaixe 2019ko api. 7a, 13:06

Sakanako ikuspegia Txurruko puntatik.

Toki entitateak berotegi efektuko gasen isurketak murrizteko helburuaren erantzunkide bihurtzea helburua du itunak. Plangintzak egin eta neurriak hartuko dira isurketak murrizteko.

Klima eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Ituna Nafarroako Gobernuak sustatu du. Foru administrazioak toki erakundeei harekin bat egitera gonbidatu zituen otsailean. Ondoren, itunari buruzko informazio jardunaldia antolatu zuen. Aipatu itunak Europako ekimen batean du sorburua eta haren helburua da: toki entitateak berotegi efektuko gasen (BEG) isurketak murrizteko helburuaren erantzunkide bihurtzea. Hala, ituna sinatzen duten udal guztiek klima-aldaketa arindu eta horretara egokitzeko nahiz pobrezia energetikoari aurre egiteko ikuspegi bateratua izanen dute.

Itunaren helburu zehatzen artean dago 2030 urterako udalerriko berotegi efektuko gasen isurketak gutxienez % 40 murriztea. Horretarako, energia-eraginkortasuna hobetuz eta energia-iturri berriztagarrien erabilera gehitu nahi da. Horrekin batera, klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko udalerrien erresilientzia areagotuko da. Horretarako, udalek bere gain hartuko dute erreferentziazko BEG isurien inbentarioa lantzeko konpromisoa, klima-aldaketari loturiko arrisku eta kalteberatasunen ebaluazioarekin batera. Jarraian, Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana aurkeztu beharko du. Hori guztia egiteko udalek bi urte dute. Azkenik, gutxienez bi urtez behin, udalek egoerari buruzko txostena landuko dute, ebaluazio, jarraipen eta kontrolari buruzko irizpideak barne hartuz. Hori guztia Nafarroako Gobernuaren laguntzaz eginen dute.

Iraunkortasunaren aldeko Nafarroako Toki Entitateen NELS Sareak, Alkateen Itunaren sustatzailea den heinean, sinatzaileei sostengua eta laguntza emanen die, nabarmenak diren ezaguerak, jardunbide egokiak, tresnak eta baliabideak partekatuko ditu, eta lankidetzan jardungo du Itunaren beste sustatzaileekin eta lurralde koordinatzaileekin batera, ekintza bultzatzeko eta ikuspegi koordinatua sustatzeko. Laguntza emanen duen beste erakundea Lursarea Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Nafarroako Agentzia da.

% 30
Hori da ituna sinatu duten artean Sakanak duen pisua, Nafarroako 50 udalek sinatu baitute ituna; herrialdeko biztanleriaren % 52  edo 335.815 biztanle. Sakana Nafarroako populazioaren % 3,11 da.


Udal sinatzaileen banaketa geografikoa. Iturria: Nafarroako Gobernua.