Sakanako Plan Estrategikoak (SPE) 2014 eta 2020 urteko aldia hartzen du. Hala ere, Nafarroako Gobernuarekin lankidetza 2016an hasi zen. Horregatik, planak bi urteko bidea egin ondoren gelditzen diren bi urteetarako berrikuspena egitea egoki jo zuten Sakanako Garapen Agentzian (SGA). Orain arte SPEren baitan egindako lana eta eraginkortasunean nola hobetu aztertu nahi izan dute. Horretarako, planaren berrikuspena abiatu zuten.
Hasteko Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiaren (SSB) bilera egin zen azaroren 28an. Udaletako, mankomunitateetako, alderdi politiko, sindikatuetako, enpresetako, hezkuntza eragileen, Nafar Lansareko eta sozio-ekonomia elkarteen ordezkariak bildu ziren. 2014-2018 zikloari buruzko SPEren gauzatze-memoria jaso zuten. Txosten hori eguneratzeko eta aberasteko prozesua abiatu zen orduan. Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun sakandarrendako jardunaldi irekiak egin ziren abendu erdialdean. SGAko kideak, gainera, makina bat eragilerekin elkarrizketak izan dituzte. Baita parlamentuan ordezkatuta dauden alderdien ordezkariekin ere.
SGAk banatutako oinarrizko txostena azarotik jasotako ekarpen eta hausnarketekin aberastu dute, azken txosten bat onduz. Berrikuspen prozesuan sortutako dokumentu hori aurkeztuko dute asteazkeneko bileran. Hari oniritzia ematen bazaio, SGAk txostena Nafarroako Gobernuari aurkeztuko dio. Bestetik, agentziako kideek SSBren bilera baliatuko dute, batetik, bidean identifikatu dituzten erronka partekatuen berri emateko. Eta, bestetik, erronka horiei erantzuten hasteko 2019rako aurreikusitako ekintzak aurkezteko. SGAko kideek bilera behar bezala antolatzeko asistentzia aldez aurretik baieztatzea eskatu dute.