Klika Korrika, klika euskarari

Guaixe 2019ko api. 5a, 08:59

Garestik abiatu zen 21. Korrika atzo. Argazkia: www.korrika.eus

Asteartean, eguneko lehen sei orduak Korrikak Sakanan emanen ditu. Euskararen alde urratsak egitera deitu dute AEKtik. Maratoi euskaltzaleak helduen euskalduntze eta alfabetatzean lanean segi dezan AEKrendako diru iturria da.

Izarbeibar eta Mañeruibarreko 16 herrietako 16 pertsonek eman zioten hasiera 21. Korrikari atzo arratsaldean. Euskararen Legearen arabera eremu mistoan kokatutako inguru horretan euskararen alde egindako lanaren aitortza izan zen Korrika Garesen hastea. Eta bide horretan lanean segitzeko gonbidapena. Eta gonbidapen horixe bera zabalduko du lekukoak Gasteizera iritsi bitartean eginen dituen 2.560 km-etan. Lekuko aldaketa bakoitzean Klika, hautua egiteko eskatuz.

Lekuko eramaile adina Klika mota daude. Batzuendako Klika izanen da euskara ikastea, erabiltzea eta inplikatzea. Beste batzuendako Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak, konpromisoak hartzea. Klika eginez bakarren batzuk kulturari, gure hizkuntzari, euskal inguruneari begiratuko diote, euskara aukeratzeko. Euskara-klik ugari horien bidez nork bere euskara-gosea aseko du, han eta hemen hizkuntzaren argiak piztuz, euskal komunitatea osatuz eta euskaraz bizitzeko nahia gauzatuz. Hori guztia biltzen da aurtengo Korrikaren leloaren atzean. Klika, beraz.

Doakotasuna
Korrika euskararen aldeko festa giroko aldarrikapena da. Baina AEKrendako ezinbesteko diru iturria ere bada. Pertsona helduak euskalduntzen eta alfabetatzen egiten duen lanean aurrera segitzeko ekonomia-bultzada handia da Korrika. AEKren asmoa baita Euskal Herriko edozein txokotan egonda ere, ikasle guztiek bitarteko berberak izatea. Langintza zaila, hiru administrazio eremutan arituz. AEKko arduradunek nahiko lukete herritarrek bertako hizkuntza ikasteagatik ordaindu beharrik ez izatea. Hau da, helduek euskara ikastea dohainik izatea. Bide horretan pausoak emateko eskaera egin dute AEKko arduradunek. Gure ibarrean, esaterako, Euskara ikasten ari diren pertsona heldu sakandarrek ikasturteko klaseen %80 baino gehiagotara joaten badira Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuaren diru-laguntza eskatzeko aukera dute.

Lasterka
21. Korrika Sakanara ekialdetik, Aizkorbetik, sartuko da astearteko 00:52an. Ordurako euskararen aldeko lasterketa erraldoiak bere ibilbide guztiaren hamar kilometrotatik lau eginak izanen ditu, % 41,56 zehazki. Korrikako lekukoa sakandarren artean eskuz esku 70 aldiz pasako da. Arakil, Aranatz eta Burunda zeharkatu ondoren, Korrika-segizioak Ziorditik agur esanen dio Sakanari 05:45 aldera.

Euskararen aldeko lasterketak Euskal Herrian barna egiten duen ibilbide guztian toki  bakarrean gelditzen da, Etxarri Aranazko Haritzalko basoan, Bakaikurako bidean. 1981Ean, urreneko Korrika pasa eta gero herrira bueltan zihoan Javier Eseverri gaztea auto batek harrapatu zuen. Hori dela eta, Korrikak urtero lore eskaintza egiten dio. Etxarri Aranazko Gazte Asanbladako kideak izanen dira aurten ardura hori izanen dutenak.

Omendua
Korrikak urtero norbait omentzen du. AEK-ko arduradunek lasterketa erraldoia udazkenean aurkeztu zuten, Euskara Batuaren sorreraren 50. urteurrena ospatzen ari zen garaian. Horregatik, helburu hori lortzeko askoz lehenagotik lanean aritu zen Jose Luis Alvarez, Txillardegi omentzen du  Korrika aurten. Bere lana goraipatu nahi da horrela.


%2,73
Hori da Korrikaren ibilbide guztia kontuan hartuta lekukoak sakandarren eskuetan eginen duen zatia.


Azken festa
21. Korrika Gasteizen despedituko da apirilaren 14an. Korrikaren azken festa handira joateko autobusa antolatu du Sakanako AEK-k. Izena eman nahi duenak Itsasi euskaltegitik pasa daiteke izena ematera, edo 948 468 258 telefonora hots egin dezake.