Korrika zuzenean, Beleixe Irratian

Guaixe 2019ko api. 8a, 20:40
Jendetza lasterka.

Irrati bidez sakandarren parte hartzeari buruzko berri zuzena jasotzeko aukera izanen da 00:15etik aurrera, sei orduz.

Sakanako irrati euskaldunak Korrika 21n zuzeneko kontakizuna eginen du goizaldean. Euskararen aldeko lasterketa Sakanan sartu baino ordu erdi lehenago hasiko du emanaldia, 00:15ean. Sakandarrek 71 lekuko aldaketa eginen dituzte eta haiek kontatuko ditu Beleixe Irratiak.  Zuzeneko sei orduko kontakizuna izanen da. Saioan parte hartzeko aukera izanen da, 948 567 074 telefonora hots eginez edo 661 523 245 telefono zenbakira whatsapp mezuak bidaliz.

Gautxoriak ez direnak astearte goizean, 10:00etatik aurrera, kontakizuna berriro entzuteko aukera izanen dute. Guztia FMren 107,3 dialean edo www.guaixe.eus bidez entzungai izanen da.

Bestalde, Korrikaren zuzeneko irudiak ikusteko aukera izanen da www.guaixe.eus web orrian. Tokiko hedabideen eta ETBren lankidetzari esker Korrikaren furgonetatik  ikusten dena zuzenean ikusgai izanen da.