Euskarazko liburu bat irakurtzeak saria dauka

Guaixe 2019ko api. 5a, 09:16

'Irakurri, gozatu eta oparitu' kanpaina martxan da eta maiatzaren 31ra arte iraungo du. Castillo Suarez Sakanako Mankomunitateko euskara teknikariak argibideak eman ditu Beleixe irratian (FM 107,3).

Euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina da Irakurri, gozatu eta oparitu: "Sakanako liburutegi batean euskarazko liburu bat maileguan hartu ondoren, irakurle fitxa bat emanen zaie eta fitxa hori beteta erosketa txeke bat lortuko zaie". Fitxa oso sinplea dela esan du Suarezek. Kanpaina maiatzaren 31n bukatuko da.

Euskarazko liburuak irakurri eta euskarazko liburuak sustatzea da xedea. Suarezek azaldu duenez irakurleek jasotzen duten txeke horri esker literatur liburu bat erosteko % 30 beherapena izanen dute. Liburu hori, kanpainak oparitu dioen arren, oparitzeko eta norberarendako izan daiteke.

Sakanan zortzi liburutegi publiko daude. Kanpainaren barruan ere parte hartzaile guztien artean 30 euroko deskontuak zozketatuko dituzte. Hortaz, Sakanan zortzi liburutegi publiko daude eta liburutegi bakoitzean hilabetero zortzi txeke zozketatuko dira. Beraz, bi hilabete hauetan hamasei txeke banatuko dira.

Herriaren arabera kanpainaren harreran "alde handia" dagoela esan du Suarezek. "Nabarmena da Etxarri Aranazko liburutegi publikoa. Arduradunak zoriondu behar ditugu beste toki askotan lortzen ez dena lortzen dutelako: helduek euskaraz irakurtzea". Euskarazko liburuak haurrekin lotzen dela azaldu du, "eta kostatzen dena da helduek euskarazko literatura irakurtzea".

Liburutegiak liburuak maileguan hartzeko toki bat baino gehiago bihurtu dira. Sakanan, gainera, mota guztietako liburutegiak daudela esan du euskara teknikariak. "Jarduerak antolatzen dira eta gauzak asko egiten dira".