Erregionala: Lagun Arteak eta Altsasuk atzera ere galdu

Guaixe 2019ko api. 8a, 13:25

Erregional mailako igoera fasea. 5. jardunaldia: Ardoi B 4 – Lagun Artea 1 / Lagunak B 3 – Altsasu 0

Erregional mailako igoera fasean 5. jardunaldia jokatu zen asteburuan eta erdipurdiko jardunaldia izan zen gure taldeendako.

Zizurren jokatu zuen Lagun Arteak, Ardoi B taldearen kontra. Bi taldeek arerioa estutu zuten partida hasieratik, baina Ardoik arriskuk gehiago sortu zuen, hegaletatik bereziki. Horrela, atsedenaldirako 2 eta 0 aurreratu ziren Zizurkoak. Bigarren zatian Ardoi nagusitu zen, eta 4 eta 0 aurreratu zen. Partida bukaera aldera Iñakik Lagun Artearen aldeko gola sartu zuen eta horrela bukatu zen partida. Hiru puntuak Zizurren geratu ziren eta punturik gabe itzuli ziren lakuntzarrak.

Eta berdin altsasuarrak, Barañaindik punturik gabe bueltatu baitziren. Lagunak B taldearen kontra aritu zen  Altsasu, eta nabarmendu behar da ongi jokatu zutela altsasuarrek, kontrako atera gehiago hurbildu baitziren, baina bi kontraerasoan altsasuarren atea zulatu zuten Lagunak taldekoek eta atsedenaldirako 2 eta 0 aurreratu ziren. Bigarren zatian Altsasu saiatu zen, Lagunak estutu zuen, baina gola ez zen heltzen eta partida bukatzear zegoela hirugarrena sartu zuten Barañaingoek.

Erregional mailako igoera faseko A multzoan Ardoi da liderra (13 puntu), Lagun Artea bosgarrena da (6 puntu) eta Altsasu zazpigarrena (4 puntu). Asteburuan sailkapenean bigarrena den Lagunak B taldearen kontra ariko da Lagun Artea Barañainen eta Altsasuk sailkapenean seigarrena den Urroztarra hartuko du Dantzalekun.