426 mendizale Hiru Mendi Zerrak mendi martxan

Guaixe 2019ko api. 8a, 14:16

Eguraldi oso kaxkarra iragarria zegoen, baina nahiz eta Bargagain elurtuta egon, mendian ibiltzeko eguraldi paregabea atera zen

Eguraldi iragarpenei aurre eginez, 426 mendizale animatu ziren Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako XII. Hiru Mendi Zerrak mendi martxan parte hartzera. Gehienek, 344k, martxa luzea egin zuten, (48 km, 2700 m desnibel metatua), eta gainontzekoek martxa ertainaren (30 km, 1.500 m desnibel metatua) eta martxa txikiaren (26 km, 1.200 m desnibel metatua) artean banatu ziren.
Egia esan, iragarpenek ez zuten guztiz asmatu, egun oso txarra baitzegoen iragarrita eta, azkenean, mendian ibiltzeko eguraldi aproposa egin baitzuen, fresko baino aparteko arazorik gabe, eguzkia ere tarteko. Hori bai, Bargagainen elurra zapatzeko aukera izan zuten mendizaleek. “Eguraldi oso txarra iragarria zegoen eta, azkenean, egun bikaina atera da” adierazi zuen Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Andres Bengoetxeak. Altsasuko proba ez lehiakor honen ibilbide luzea Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien XII. Txapelketako bigarren proba baliagarria izan zen, eta, horretaz gain, Euskal Herriko Ibilbide Luzeen Zirkuiturako puntuagarria den bigarren proba.

Ibilbidea
Mendizale guztiak Altsasuko Gure Etxetik abiatu ziren, 7:00etan. Urdiainera jo zuten hasieran, Urdiaindik Urbasa-Andiara igotzeko, Portuazpitik. Urbasa-Andiako parke naturala zeharkatu zuten, eta elurra zapatzeko aukera izan zuten bertan. Bargagaingo gurutzera (1.153 m) heldu eta gero, portutik barna, Gainsolera heldu ziren, eta handik jaitsierari ekin zioten, Ziordiaraino heldu eta bertako hornidura gunean atsedena hartzeko. Indarrak berreskuratzeko denetariko hornidurak zeuden, basurde gisatua tarteko. Segidan, ibilbide motza aukeratu zutenek partzelarietatik barna eta Cementos fabrikako atzealdetik Altsasura ailegatu ziren, eta gainontzekoek Kipular (1.059 m) igo zuten, gero Orobeko antzinako harrobitik jaisteko. Ondoren, Sorozarreta jaitsi ziren, hango hornidura gunean atseden hartzera. Ibilbide ertaina aukeratu zutenek, Dorretxikitik bueltatxoa eman eta Altsasura iritsi ziren. Aldiz, ibilbide luzekoek segidan Balankaleku (983 m) eta Intxusburu (946 m) igo zituzten, handik jaitsi eta Sarabetik, San Pedrotik eta Basoitxitik barna Altsasuko Gure Etxera heldu ziren, Urdiaingo igerilekuen horniduran magrak tomatearekin dastatuta, indarrak berreskuratu eta gero. Bukaeran, frontoiko horniduran, txistorra dastatu ahal izan zuten.

Parte hartzaileek Urbasa-Andia, Altzania eta Aralar mendizerrak bildu zituen ibilbidearen edertasuna eta mendi martxako antolakuntza bikaina nabarmendu zuten. Azkarrenek, proba korrikan egin zutenek, 6 ordu behar izan zituzten ibilbidea osatzeko, eta mendizale gehienek 8 orduko batez bestekoa behar izan zuten. Guztia bikain ateratzeko 60 boluntario aritu ziren lanean Altsasuko Mendigoizaleak taldearen esanetara.