Autismoarekin sentsibilizatzeko, kantari

Guaixe 2019ko api. 10a, 13:10

Iruñean autismo elkarteak antolatutako ekitaldietan parte hartu zuten auroroek larunbatean.

Autismoa duten pertsonak gizarteko zati izan daitezen lanean ari da Nafarroako Autismo Elkartea. Eta autismoaz sentsibilizatzeko egitarau zabala prestatu zuen larunbatean Iruñean, makina bat nafar erakarri zituena. Deialdiarekin bat egin zuten Nafarroako 40 herrietako auroroek eta 10:30etik Iruñeko kaleetan barna kantari ibili ziren. Haien artean Etxarri Aranaztik, Bakaikutik eta Altsasutik joandako auroroak izan ziren. Eguerdian auroro guztiak Gaztelu plazan elkartu ziren eta elkarrekin bost kantu abestu zituzten: “Cuando baja la Aurora a la tierra”, “La Aurora de San Fermín”, “Divina Estrella”, “Luz del Alba” eta auroroen himnoa den “Canto de la Salve Aurora”. Autismoa duten pertsonen zuzendaritzapean aritu ziren kantari. Ekitaldia despedituta Sakanako auroro askok Iruñea Kantuz ekimenarekin bat egin zuten. Eguna bazkari eder batekin borobildu zuten.