Euskal Herriko Itzulia Sakanatik pasa zen

Guaixe 2019ko api. 10a, 10:30

Alaphilippek irabazi zuen etapa eta Schachmann da liderra

Atzo Euskal Herriko Itzuliko 2. etapa jokatu zen, Zumarragan hasi eta Gorraizen despeditu zena. Etapa ikusgarria izan zen, eta Sakana zeharkatu zuen. 3. mailako Lizarrustiko portutik sartu zen Sakanara, eta Lizarragabengoatik Arbizura iritsi zen. Ondoren, Lakuntzara heldu eta Arakil guztia zeharkatu zuen, aurrera segi eta Gorraizeko helmugara heltzeko.

Euskal Herrian txirrindularekiko zaletasun handia dago eta ibilbidea txirrindulari zaleez bete zen. Tropela batera iritsi zen helmugara eta esprint estuan Julian Alaphilippe (Dedeuninck) gailendu zen. Sailkapen orokorrean, aldiz, Maximilian Schachmannek (Bora) jarraitzen du lider, Michal Kwiatkowski 10 segundora eta Alaphilippe 11 segundora dituela. Ziordian bizi den Gorka Izagirre (Astana) 53.a da, 2:23ra.

Gaur, Itzuliko 3. Etapa jokatuko da, Sarrigurenen hasi eta Estibalizen despedituko dena, 2. mailako Goñi eta 3. mailako Opakua gainditu eta gero.