Ezkurdia eta Bakaikoa Buruz Burukoan

Guaixe 2019ko api. 10a, 12:21

Atzo aurkeztu zuten 2019ko Buruz Buruko Txapelketa, Guggenheim museoaren aurrealdean. Bi ordezkari sakandar izango ditugu: Joseba Ezkurdia, final laurdenetan sartuko dena, eta Joanes Bakaikoa, final hamaseirenetan sartuko dena

Binakako Txapelketako ajea oraindik pasa gabe, pilota enpresek 2019ko Buruz Burukoa aurkeztu zuten asteartean Bilbon, Gugenheim museo aurrean. 16 pilotari lehiatuko dira guztira, eta hutsune nabarmen bat egongo da, Aimar Olaizolarena. Iaz txapeldunordea izan zen, baina aurten Binakakoa utzi egin behar izan zuen, lesionatuta. “Litekeena da tokatuko litzaiokeen partida egunerako osatuta egotea, baina ez behar bezalako baldintzetan, eta ez aurkeztea erabaki du horregatik” azaldu zuen Baiko Pilota enpresako Unai Iglesias arduradunak. Mikel Urrutikoetxeak hartuko du bere tokia taldeburuetan.

Bi pilotari sakandar ariko dira Buruz Burukoan, Aspeko Joseba Ezkurdia, final laurdenetan sartuko dena lehian, eta Baiko Pilotako Joanes Bakaikoa, Buruz Burukoari final hamaseirenetan ekingo diona. Joanes Bakaikoak Victor izango du aurkari final hamaseirenetan, apirilaren 20an Ezkarain jokatuko den partidan. Irabazten duenak Irribarria izango du zain final zortzirenetan, apirilaren 28an Eibarren jokatuko den partidan. Joseba Ezkurdia, aldiz, maiatzaren 4an sartuko da lehian, final laurdenetan, Iruñeko Labriten. Bere adarrean, Artolak eta Arteaga II.ak jokatuko dute final hamaseirenetan, Jaka izango dute zain final zortzirenetan eta partida horretako txapeldunarekin ariko da Arbizuko aurrelaria.

Finala Bilbon, ekainaren 2an
Final hamaseirenetan, apirilaren 19tik 22ra, Victor, Bakaikoa, Agirre edo Peña II.a (aurretikoa jokatuko dute), Etxeberria edo Zabala (aurretikoa jokatuko dute), Retegi Bi, Laso, Artola eta Arteaga II.a sartuko dira lehian; final zortzirenetan, apirilaren 26tik 29ra Irribarria, Rezusta, Bengoetxea VI.a eta Jaka izanen dituzte zain, eta irabazleek Altuna III.a, Elezkano II.a, Urrutikoetxea eta Ezkurdia pilotarien kontra jokatuko dituzte final laurdenak, maiatzaren 3tik 6ra. Ondoren, maiatzaren 18an eta 19an finalerdiak jokatuko dira Bilbon, eta ekainaren 2an final handia hartuko du Bilboko Bizkaia pilotalekuak.  

Zalantzarik gabe, faborito askoko txapelketa izango da aurtengo Buruz Burukoa, eta aurkezpenean aurtengo buruz burukoa “inoiz baino irekiago dagoela” nabarmendu zuten pilotariek. “Lehen bi faborito edo 3 zeuden, gehienez, eta orain, faborito baino, guztiok gara txapeldungaiak. Edozeinek irabaz ahal zaitu” nabarmendu zuen aurreko urteko txapeldun Jokin Altunak. Joseba Ezkurdia 2018an finalerdietaraino iritsi zen, baina Altunak 22 eta 17 irabazi zion eta ezin izan zuen finalerako sailkatu. “Buruz Burukoa falta zidan txapela da, eta hiru txapelak izatea handia litzateke; saiatuko naiz, baina oso zaila izango da” adierazi zuen aurkezpenean Joseba Ezkurdiak.

Bi berritasun dakartza aurtengo txapelketak. Batetik, partidetan ez da botilerorik izango, eta orain arte ez bezala, enpresek jarriko dituzte partidetako epaileak, eta ez, orain arte bezala, federazioak.