Juniorrak: Arrieta bigarrena eta Alberdi hirugarrena Beran

Guaixe 2019ko api. 10a, 14:07

Larunbatean Beran jokatutako lasterketan 4 sakandar sailkatu ziren lehen 10 txirrindularien artean: Arrieta, Alberdi, Aznar eta Gil. Kadeteetan Hugo Aznar hirugarrena izan zen Tafallan

Larunbatean Beran bildu zen junior tropela, XLII. Felix Errandonea Memorialean (83 km). Lasterketa mugituan, Lizarte Ermitagaña taldeko Diego Uriarte eta Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta uhartearra iritsi ziren bakarrik helmugara, eta esprint estuan Uriarte gailendu zitzaion Arrietari (1:56:52). 1:16ra Arrietaren taldekide Aitor Alberdi arbizuarra sartu zen.

Sakandarrek maila ikusgarria eman zuten. Burundako Quesos Albeniz taldeko Unai Aznar laugarrena sailkatu zen eta Lizarte Ermitagañan dabilen Jon Gil lakuntzarra zazpigarrena. Jon Gilek tartekako helmugen sailkapena irabazi zuen. Horretaz gain, Inhar Astitz (Sakana) 20.a sailkatu zen, Mikel Lizasoain (Sakana) 27.a, Diego Gonzalo (Q. Albeniz) 28.a, Beola Motor taldeko Mikel Arretxe 30.a eta Unai Villalobos (Q. Albeniz) 42.a.

Kadeteak Tafallan: Hugo Aznar hirugarrena
Tropel kadetea igandean bildu zen Tafallan, El Caserio Valsay Trofeoa jokatzeko (53 km). Cafenasa taldeko Ibai Azanzak aurrea hartu zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:23:41). 22 segundo atera zizkien jarraitzaileei, tartean helmugan hirugarrena izan zen Burundako Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznarri. Hirugarrena izateaz gain, mendiko txapelketa irabazi zuen Aznarrek.
Sakandarrak bikain aritu ziren, top tenean 4 txirrindulari sailkatu baitziren:
Martzel Etxeberria (Sakana) seigarrena sartu zen, Jon Chamorro (Q. Albeniz) bederatzigarrena eta Jon Erdozia (Sakana) hamargarrena. Horretaz gain, Mikel Uncilla (Q. Albeniz) 12.a sailkatu zen, Sergio Lopez (Q. Albeniz) 13.a, Aimar Tadeo (Sakana), 21.a, Oihan Etxeberria (Q. Albeniz) 30.a eta Unax Trevejo 41.a (Q. Albeniz).

Afizionatuak: Josu Etxeberria 19.a Amorebietan
Afizionatuen tropelak bi proba zituen igandean. Batetik, Amorebietan 59. Udaberri Saria jokatu zen (93,6 km), Lehendakari Txapelketarako baliagarria. Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Andoni Lopez de Abetxukok irabazi zuen, esprintean (2:17:53). Bere taldekide Josu Etxeberria iturmendiarra 19.a iritsi zen helmugara, 3 segundora. Bestalde, Telcom taldeko Alex Uncilla 62.a sartu zen eta Goierriko TB-Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra 69.a.

Egun berean Balentziaga Memoriala jokatu zen Eibarren, Espainiako Koparako baliagarria den lasterketa famatua (167,5 km). Lizarteko Iñigo Elosegik irabazi zuen lasterketa, erakustaldia eman eta helmugara bakar-bakarrik heldu eta gero (4:09:02). Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Juan Fernando Calle laugarrena sailkatu zen, eta Goierriko TB-Laboral Kutxako Eneko Aramendia iturmendiarra 57.a.