Nafarroako neskak, Espainiako txapeldunordeak

Guaixe 2019ko api. 11a, 18:09

XIV. Selekzio Autonomikoen Arteko Futbol Txapelketako 17 urtez azpiko finalean Madrilgo selekzioaren kontra aritu zen Nafarroa. Ongi jokatu zuten nafarrek, baina zorigaiztoko jokaldian aurreratu ziren madrildarrak eta finalean gailendu ziren

Asteburuan XIV. Selekzio Autonomikoen Arteko Futbol Txapelketako azken fasea jokatu zen. Eta azken fase horretarako sailkatu zen 17 urtez azpiko Nafarroako selekzioa, denboraldi bikaina eta gero. Aipatu 17 urtez azpiko selekzio horretan Aroa Cerezo lakuntzarra dabil. Cerezok Mulier taldean jokatzen du, maila bikaina du eta, horren isla, Nafarroako selekzionatzaileak selekzioan aritzeko deitu zuen.

Aroa Cerezo, selekzioko jokalari lakuntzarra
Azken fase horretan lehenik eta behin Andaluziako selekzioaren kontra aritu zen Nafarroa. Partida bikainean, Andaluziari 1 eta 3 irabazi zion Nafarroak, Sara Carrilloren hat-tricakari esker. Aroa Cerezok ere jokatzeko aukera izan zuen. Horrela, final handirako sailkatu zen Nafarroa. Eta finalean Kataluniako selekzioa bidean utzi zuen Madrilgo selekzioa izan zuen aurkari Nafarroak. Final oso lehiatuan, parez pare ibili ziren bi taldeak, baina, tamalez, trofeoa Madrilek lortu zuen, Nafarroari 0 eta 1 irabazi eta gero. Burua tente eta pozik egoteko arrazoi askorekin, txapeldunordeak izan ziren Nafarroako neskak.  

Madrilen kontrako finala Taxoareko kirol instalazioetan jokatu zen. Undiano Mallencok arbitratu zuen partida. Hasieran Sergio Galanek zuzendutako Nafarroak ederki estutu zuen Madrid, baina gol aukerak ez zituen behar bezala aprobetxatu. Gutxika Madrilgo taldea erantzuten hasi zen, baina lehen zatian markagailua ez zen mugitu. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen partidak; nafarrek gol aukera politak sortu zituzten, baina baloia ez zen madrildarren atean sartzen. Baina 77. minutuan, zorigaiztoko jokaldi batean, Madrilgo Sonia Garciak gola sartu zuen eta horrek izugarri kolpatu zuen Nafarroa. Berdinketa lortzen saiatu ziren nafarrak, baina ezinezkoa izan zen eta Espainiako Txapelketa irabazi zuen 17 urtez azpiko Madrid selekzioak. Nafarrak negar malkotan zeudela, Taxoaren bildutako 1.000 jarraitzaile ingururen txalo zaparrada jaso zuten.

“Lortu dugunak meritu handia du. Garaipena gertu zuten eta horregatik galtzeagatik minduta daude, baina lortutakoa bereganatzen joango dira poliki. Final bat jokatzea eta Madrid bezalako potentzia bati aurpegia ematea pribilegio bat da. Oso kontentu nago beraiekin” zihoen partida bukaeran Sergio Galan selekzionatzaileak.

15 urtez azpiko Nafarroa finalerdietan erori zen
Espainiako 15 urtez azpiko selekzioen txapelketan, Nafarroa azken faserako sailkatu zen, baina finalerdietako lehen partidan Madrilgo selekzioak 6 eta 0 irabazi zion Nafarroari eta nafarrek ezin izan zuten finalerako sailkatu.