Mikel Astizen Hirukiraptors, Nafarroako taldekako txapelduna

Guaixe 2019ko api. 11a, 18:11

Sakana Triatloi Taldea A laugarrena sailkatu zen XX. Eguesibarko Taldekako Duatloian, aldi berean Nafarroako Taldekako Duatloi Txapelketa zenean

Larunbatean XX. Eguesibarko Taldekako Duatloia jokatu zen Sarrigurenen, aldi berean Nafarroako Taldekako Duatloi Txapelketa zena. Taldekako erlojupeko proba izan zen. Duatletek 5,2 km korrika, 24 km bizikletan eta 2,5 km korrika osatu behar izan zituzten.

Elite mailan, Ihabarko Mikel Astiz Erroren taldea, Hirukiraptors taldea gailendu zen, Astizek, Pablo Ibañezek, Xabi Orduñak, Ion Urrak eta David Latasak osatutakoa (1:08:53). Sakana Triatloi Taldeko A taldean Iñaki Alvaro, Sergio Garcia de Eulate, Ivan Sobredo, Juan Carlos Gomez, Francisco Javier Gomez eta Felix Benjumea aritu ziren eta taldekako proban laugarrena sailkatu zen Sakana A taldea (1:11:29).

Bestalde, Open mailan, Trigoi B taldea izan zen irabazlea (1:12:16) eta Sakana Triatloi B Taldea 11.a sailkatu zen (1:21:25). Iñaki Arnedok, Isidro Asurabarrenak, Jorge Iradik, Gorka Chamorrok eta Juan Larreak osatu zuten Sakana B taldea.

Sakana Triatloi Taldetik adierazi dutenez, sekulako giroa egon zen Eguesibarko Taldekako Duatloian eta ahal zutena eman zuten duatleta sakandarrek.



Sergio Garcia de Eulate, Greciako Iron Man 70.3ra
Asteburu honetan Greciako Iron Man 70.3 triatloi proba gogorra jokatuko da Costa Navarinon eta bertan arituko da Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate.