Flores bosgarrena Opakuako Igoeran

Guaixe 2019ko api. 11a, 18:14

Larunbatean Agurain eta Opakua artean jokatutako igoeran 6 pilotu sakandar aritu ziren eta horietatik bi ezin izan ziren sailkatu

Larunbatean Escuderia Agurainek antolatutako XIII. Opakuako Igoera jokatu zen, Agurain eta Opakua arteko portuan (4,6 km). 67 pilotu aritu ziren guztira, 10 monoplazen kategorian, 39 turismoen kategorian eta 18 Formula Libre (FL) kategorian. Tartean sei pilotu sakandar aritu ziren eta horietatik bik ezin izan zuten sailkatu. Ez zen jardunaldi borobila izan gure pilotuendako.

Formula mailako Aitor Zabaleta (Lola T298) izan zen azkarrena Opakuako Igoeran (02:20.088). Langreo Motor Club taldearekin aritu zen Garikoitz Flores pilotu lakuntzarrak (BRC B49) ez zuen zortea alde izan. Lehen igoeran atera zen (02:30.829), baina motorra ez zihoen behar bezala eta bigarren irteeran ezin zuen aritzerik izan. Hortaz, bosgarren Formula mailako bosgarren postuarekin konformatu behar izan zen Flores. Sakana Motorsport taldeko Iker Palaciosek, aldiz, ezin izan zuen lehen igoeran atera, autoan arazoak zituelako, eta nahiz eta bigarren igoeran saiatu, (02:7.516), ezin izan zen klasifikatu.

Turismo mailako 39 autoen artean Lagun Artea taldeko Bruno Scherer (Porsche 911 GT3) gailendu zen (02:37.280). Pilotu sakandarrei dagokienez, Eneriz Besga olaztiarra (Sakana Motorsport, Citroen Saxo VTS) 21.a sailkatu zen (03:01.138), Jesus Perez de Obanos (Arakil Motorsport, Renault Clio Sport) 30.a (03:12.281) eta Joseba Iñarrea (Arakil Motorsport, Peugeot 206 GTI) 31.a (03:19.823).

Bukatzeko, FL kategorian sailkatu ziren 18 pilotuen artean Eskomotor taldeko Mikel Fernandez de Arroiabe gailendu zen (BMW E30, 02:48.110) eta Sakana Motorsport taldeko Iker Askargortak arazoak izan zituen bere Opel Astra GSIarekin eta ezin izan zuen irteera hartu.