Nagore eta Beunza azkarrenak Ziordiko Herri Lasterketan

Guaixe 2019ko api. 11a, 18:26

Lasterketa solidarioan 7.820 euro jaso ziren eta Paris 365 jantoki sozialerako 1.500 elikagai kilo

Larunbatean eguraldi oso txarra zegoen iragarrita, baina gero ez zen horrenbesterako izan eta VI. Ziordiko Herri Kros Solidarioari ateri eutsi zion eta apenas euririk gabe jokatu ziren probak. Guztira 396 korrikalarik hartu zuten parte, 191k proba nagusian (6,8 km), 45 proba herrikoian (2 km) eta 154 neska-mutiko kategoria txikietako lasterketetan.

Proba nagusian Javier Nagore eta Izaskun Beunza olaztiarra gailendu ziren eta Javi Moreno bosgarrena sailkatu zen.

Baina Ziordiko proban sailkapena baino gizarte ekimenetarako lortzen dena da garrantzitsuena. Horrela, izena ematearen truke elikagaiak eraman behar zituzten korrikalariek eta zozketa solidarioetarako gutxienez euro bateko balioa zuen txartel bat erosi. Horrela, Dravet Fundaziorako 4.700 euro jaso ziren, zozketako txartelei eta fundazioak jasotako erabilitako errotulagailuen birziklapenari esker, eta oraindik diagnostikorik ez duen gaixotasuna duen 12 urteko Markel haurrarendako 1.600 euro jaso ziren. Horretaz gain, Xabier Luna suhiltzaileak Tanzaniako emakume kolpekatuei bideratutako programa baterako 1.520 euro jaso zituen. Eta Ziordiko Running Talde antolatzaileetako Jose Ramon Ramirezek gaineratu zuenez, garun-paralisia duen Donostiako Olatz neskatilaren alde zozketa egitea aurreikusten da, eta zozketa horren txartelak saldu ziren baita ere Ziordian.

Probak bukatzerakoan auzate ederra izan zen korrikalari guztiendako. Probako 135 babesleei esker, lehendabiziko 150 korrikalariek opari-poltsa jaso zuten eta, horretaz gain, makina bat opari zozketatu ziren korrikalarien artean.

Sailkapena kontsultatzeko
Ziordiko lasterketako sailkapena ikusteko hurrengo web gunean sartu behar da: https://ziordirunningtaldea.wixsite.com/ziordirunning/single-post/2019/04/08/CLASIFICACION-CARRERA-ZIORDIA-2019?fbclid=IwAR0p9CAJJzeTTqNGvJJgYSV4DhTq4Q_DtaiBw-BkBHY51BI3KrV4cahdp9s Antolakuntzatik gaineratu dutenez, korrikalari batzuen datuak falta dira, batzuk dortsal gabe iritsi zirelako helmugara.

Sakanako Kopa abian
Ziordiko herri krosak Sakanako XVII. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria mustu zuen. Sakanako 10 korrikalari hoberenek puntuatzen dute kopan, 10 emakumek eta 10 gizonek. Kopako hurrengo proba baliagarria ekainaren 15ean jokatuko den XVI. Aitzkozar Herri Krosa izanen da.