Cederna Garalur elkarteak 2014-2020 Tokiko Garapen Parte-hartze Estrategiako laguntzak onartu zituen martxoaren 20an. Garalurreko zuzendari-kudeatzaile Ibon Mimentzak jakinarazi duenez, “landa-garapenerako programaren hirugarren deialdian Nafarroako Mendialdeko toki-garapenerako 29 proiektu onartu dituzte. Guztien artean 1.082.631 euro jasoko dute; diruz lagun daitekeen inbertsio osoaren gaineko % 41”. Diruz lagunduko diren zortzi proiektuk herrien kultura-dinamizazioaren zerikusia dute, beste seik tokian tokiko ondarea zaintzarekin zerikusia dute eta, azkenik, enpresek eta ekintzaileek sustatutako zazpi proiektu onartu dira.
Babestutako proiektuen ezaugarriak ikusirik, Mimentzak esan zuenez, "Nafarroako Mendialdean garapen-proiektu jasangarri eta berritzaileak, gure lurraldeko baliabideak darabiltzatenak, aurrera ateratzeko egiten ari garen apustu irmoa da. Agerian geratzen da, horrela, Mendialdea gai dela gaur egungo gizartean puri-purian dauden erronkei erantzun bideragarriak emateko". Banatutako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren eta EBren LGENF funtsen baterako finantziazioa du, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programako 19.2 neurriaren bitartez.
Sakanako bost
Diruz lagundutako proiektuen artean ibarreko bost daude. Denen artean 749.308,95 euroko inbertsioa eginen dute. Guztira inbertsioaren % 30,68 diru-laguntzarekin pagatuko dute, zehazki, 229.932,49 euro. Kopuru hori Mendialde guztian banatutakoaren % 21,23 da. Diru-laguntza hartzaileen artean tokiko hiru administrazio eta bi enpresa edo ekintzaile daude.
Administrazioei dagokienez, inbertsio handiena Sakanako Mankomunitateak eginen du hondakinen bilketa eraginkorragoa eginen duen informatika sistema bat ezartzeko. Horretara, 68.438,3 euro bideratuko ditu Mank-ek. Garalurrek 47.906,81 euroko laguntza emanen dio. Bestetik, Altsasuko Udalak etxegabeen aterpe berrirako ekipamendua jartzeko 61.931,43 euroko poltsa du, haietatik 43.352 laguntzarekin pagatuko duena. Azkenik, Uharte Arakilgo Udalak, bestetik, mendi lasterketetan aritzen direnendako trail estazioa eginen du 57.402,4 eurorekin. Horretarako 40.181,68 euroko diru-laguntza jasoko du.
Azkenik, ekintzaile batek Lakuntzan turismo aterpea egiteko 399.896,82 euro inbertituko ditu. Haietatik, 50.000 euro Garalurrek jarriko ditu. Etxarri Aranazko enpresa batek, berriz, 161.640 euro bideratuko ditu bi edukiontzi egokitzeko. Haizagailu presio bidez edukiontzietatik airea kanporatu nahi dute sistema berritzaile baten bidez, horrela barruan dagoen naturatik eratorritako erregaia hobe banatu ahal izateko. Egitasmo horrek Garalurren 48.492 euroko diru-laguntza du.