Goi tentsioko argindar linea egitasmoa baztertzea eskatu dute

Guaixe 2019ko api. 13a, 09:53

Aurreikusitako argindar lineen aukerak planoan jasoak

Udalek 30 eguneko kontsulta epea zabalik dute. Hainbat hautetsik proiektua baztertzeko eskatuz adierazpena sinatzen ari dira, Iruñean hilaren 27an eginen duten batzarrean aurkeztuko dute.

Red Electrica Españolak (REE) Castejon/ Muru Artederreta eta Itsaso artean 400 kV-ko zirkuitu bikoitzeko 100 km-ko argindar linea egin nahi du. Aurretik aurkeztutako bi proiektuak atzera bota ondoren hirugarren bat aurkeztu du. Egitasmoak ukitutako 49 udalek proiektu berriaren hasierako dokumentua jaso dute eta 30 egun dituzte euren iritzia emateko.

Horren guztiaz jakitun, Autopista Elektrikorik Ez! plataformak (AEE) agerraldia egin du. Alberto Frias bozeramaileak gaztigatu zuenez, “egitasmo berriak lau ibilbide proposamen ditu. Haren eragin eremua aurrekoan atzera botatzea lortu zenaren antzekoa da”. Friasek argitu duenez, “oraingo berritasuna da Orkoien eta Itsaso arteko egungo bi lineak berrindartzeko proposamena. Lau aukera proposatzen dira: hiruetan lineetako baten berrindartzea eta bestea kentzeko aukera”. Proiektuan ez da Deikazteluko azpiestazioa agertzen.

AEE-ko kideendako azken hori eta egungo lineetako bat kentzeko aukera jasotzea “garaipen partziala da eta, aldi berean, kezko hesia. Plataforma sortu genuenetik eman ditugun argudioen zati bati arrazoia ematen die. Bestetik, gizarte, ingurumen, ekonomia eta kultura eragina izanen duen eta beharrezkoa ez den azpiegitura bat justifikatu nahi dute”. Plataformako kideek bestelako proposamenak eginen dituztela aurreratu dute. Baita proposamena bertan behera uztea ere.



Galderak
Udaletxeetan jasotako egitasmoaren hasierako dokumentua aztertuta AEEkoei galderak sortu zaizkie: azterketa eremua aurreko proposamenaren ia berbera bada, nola liteke aukerak desberdinak izatea? Eta 2015-2020 Argindar Sektorearen Planifikazioa 400 kV-ko linearendako loteslea bada, zergatik ez da 220 kV-ko bi lineatako bat berrindartzeko eta bestea kentzeko?

Argindar linearen aurkakoek gaztigatu zutenez, “REEk justifikazio berriak aurkezten ditu etengabe erakundeen konplizitatea lortzeko, baina, aldi berean, linea horren helburu nagusia estaltzeko: Frantziara elektrizitatea esportatzeko programa indartsua garatzea, elektriken oligopolioari irabaziak handitzeko. Hura baita egitasmoaren benetako sustatzailea”.

Egitasmoaren eragina
Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Altsasu udalerriak proiektuak ukituak dira. Ez horrela Irurtzun, Olatzagutia eta Ziordia.