Korrikronika

Guaixe 2019ko api. 12a, 14:51

Sakanako azken kilometroa Guaixeren sorreran eta segidan izandakoak eraman zuten. Argazkiak: www.korrika.eus

21. Korrikak astearte goizaldean zeharkatu zuen ibarra. Orduan sakandarrek bizi izandakoaren kontakizuna da hurrena. Jakinik, oraindik sakandarrek Korrika bizipen gehiago izanen dituztela igandeko azken festan.

21. Korrika Sakanara, Aizkorbera, astearteko ordu bata hamar gutxietan sartu zen. Baina sakandarrek 40 minutu lehenago hartu zuten eguneko lehen lekukoa Muskizen. Imotz partean hainbat sakandarrek egin zuten lasterka. Eta bat-batean haien artean “txerri burua” jantzia zuen gizonezko bat agertu zen, furgonetara igo eta korrikalarien eta Korrikako arduradun guztien harridurako, kurrixkarik ez, bertsoa kantatu zuen. Buruko maskara kendu eta une hartan espero ez zuten Korrikaren ardura taldeko kide bat zela ikusteak sorpresa handia eragin zien guztiei. Ibilbidean zehar bestelako bertsoak lortzen saiatu ziren Korrikako furgonetatik, baina ez zen posible izan.

Irurtzundarrek Aizkorbe aurretik herrira arteko bidea egin zuten lasterka. Tropel ederra iritsi zen herrira, eta Korrika segizioa Irurtzunen zain zegoen jendearekin handitu zen. Atzerapen txiki batekin sartu zen Korrika, arakildarrek erritmoa mantendu zuten eta aldea ez zen handitu.

Irurtzunen jendetza elkartu bazen, gauza bera gertatu zen Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Urdiainen, Altsasun eta Olatzagutian. Baina, baita Ihabarren ere. Eta izan zen langilerik lana utzi eta Korrika agurtzera atera zena. Sakana Kooperatibakoak, Magotteauxekoak edota Viscofanekoak esaterako. Bide batez, aurrenekoen ordezkaririk ez zen agertu kilometroa laster egitera eta Lakuntzako Udalaren lekukoa eraman zuen langileak Arbizura arteko bidea egin behar izan zuen.

Arakilen kirolarien tartea zabaldu zen. Julen Martijak eta Jose Javier Zabaletak kilometroa egin zuten lasterka, aldemenean zituzten korrikalariek hurrengoan haien buruan txapelen bat jantzita nahi lukete. Haiei lekukoa estralurtarra zirudien boskote batek hartu zien. Sakana Motorsport taldekoak ziren, euren kilometroa kaskoa jantzita egin zutena. Hura bukatu bezain laster azkar asko kendu zituzten, nahiz eta haietako batzuk lasterkan segitu zuten Arakilen barna.

Ez dakigu ibilbideko ajeengatik, edo zergatik, baina Zuhatzu aldean Korrika mututu egin zen. Furgoneta nagusiko megafoniak nahikoa kanta zirela esan zuen. Orduan iritsi zen animatzaileak hiztunago aritzeko garaia. Harik eta atzeko furgonetak aurrera egin eta haren megafoniak Korrikari doinua jarri zion arte. Bitartean denetarako prest dauden Korrikako arduradunak soinu ekipoko matxura konpontzea lortu zuten.  

Jauziak eta nahasteak
Etxarri Aranatzen Korrika ikastola aurretik pasa zen, horrela haren 50. urteurrena aitortu nahirik. Bakaikun Korrikak denboran eta espazioan atzerako jauzia egin zuen. Korrikaren 1102. kilometroa lasterka egin zuten Karrikestu elkarteko kideek petoetan 1.003 kilometroa zuten Bakaikuko Udaleko ordezkariei pasa zieten. Petoari erreparatuta herrian baino Basaburuan egin zuen lasterka Bakaikuko Udalak. Eta metro batzuen bueltan espazio-denborako beste jauzi batekin Korrika lekukoa Iturmendirako bidean agertu zen, Larrañeta elkarteko ordezkariaren eskutan. Denbora-espazioko zulo hori ikertzeko modukoa da.

Korrika segizioan nagusi diren furgonetan joaten direnek 14 orduko lan txandak egiten dituzte. Etxarri Aranatzen egin zuten txanda aldaketa. Arbizuko kanpinean majo lo egin eta gero, furgonetetara joan ziren arduradun berriak eta elkar agurtzeko tartea eta jakin beharrekoak adierazteko aukera izan zuten. Furgoneta gidari berriek bi nahaste txiki izan zituzten. Lehena Urdiainen izan zen. Goienkalde kaletik plazarantz jo beharrean furgonetak Sanmartinkalderantz jo zuen. Urdindarrek azkar asko gaztigatu zuten gidaria. Korrika gelditu egin zen eta atzerako maniobra egin ondoren, euskararen aldeko errelebo lasterketak Urdiainen barna segitu zuen. Altsasun, berriz, Garbitoki eraikinaren parean ezkerrera jo beharrean Gartzia Ximenez kalean aurrera jarraitzekotan egon zen furgoneta. Garaiz gaztigatu zuten gidaria, kalearen erdian Korrikaren zain zeuden altsasuarren onerako.


Omenaldiak
Edizio bakoitzeko kontua da. Baina azken urteetan baino nabarmenagoa izan zen aurtengo Korrikaren Haritzalko basoko geldialdia. Handik pasatzen den lekuko eramaleak Javier Eseberri zenaren omenezko oroigarrian lore eskaintza egin behar izaten du. Lehenengo Korrika pasa eta gero Etxarri Aranatzera bueltan zihoala auto batek harrapatuta hil zen gaztea. Aurten erabateko geldialdia egin zen Etxarri Aranazko Gazte Asanbladako kide batek lore eskaintza egin bitartean. Horren lekuko izan zen deabrua, gazte erakundearen logotipotik atera eta euskararen aldeko lasterketan atzera ere parte hartu zuena.

Altsasuko kale bazterretan jendetzak harrera egin zion Korrikari. Gazte Asanbladako kideek sartu zuten lekukoa herrira, Gaztewood film laburren jaialdiaren deialdia eta kide presoen askatasuna aldarrikatuz. Altsasuko Udalak bere lekukoa Mila Kolore elkarteari eman zion, egiten duen lana aitortzeko. Aurrerago Altsasuko auziagatik preso dauden zazpi herritarren irudia handiak agertu ziren, Korrikako petoak eta argi frontalak jantziak zituztela.

Aipatzekoa da Korrika Sakanan egin zuen bost orduetan, 00:52tik 06:10era, haur asko izan zirela lasterkan. Bai lekukoa eramaten, bai senideekin batera laster egiten. Azken aurreko kilometroan bakarren bat gurdian eroso zihoan lotan. Horrekin batera, makina bat omenaldi partikular egiteko balio izan zuen. Urtetan Mexikon errefuxiatuta bizi izandako Txomin arbizuarra lekukoa herrian eramatea. Edo lekukoa eramaten zuen seme presoaren argazkia eskutan zuen Altsasuko Gurasoak taldeko aitarena, esaterako. Edo bizkarretik helduta metro batzuk korrika egin zuten lagun irurtzundarrak. Euskara ikasleei edo euskaldun berriei lekukoa eramateko aukera eman zieten Arbizun eta Iturmendin. Km osoa hainbat zatitan banatu zuten ibarreko hainbat eragilek.

Sakandarrek asteartean eramandako azken kilometroa Guaixe fundazioarena izan zen. Abenduan hilabetekaria estreinakoz argitaratu zela 25 urte beteko dira. Fundazioak sortzaileak omendu nahi izan zituen. Sortzaile eta kazetari lanean aritu zen Aitziber Etxaizek, Bierrik elkarteko lehen presidente izan zen Peio Astizek eta elkartearen kudeatzaile 10 urtez aritu zen Garbiñe Petriatik lekukoa eraman zuten. Azken metroetan gaur egun fundazioko langile diren Maider, Maria, Olatz eta Gema batu zitzaizkien.

Kilometro askotan lekukoa biren artean eraman zen. Irribarre konplizeak sortzen ziren eramaileen artean. Hunkitua sumatu genituen asko. Izan zen lekukoari musu eman zionik ere.

Bestetik, sakandar gehien-gehienek laster eginez parte hartu zuten Korrikan. Batzuk km ugari egin zituzten. Korrikalariak bizikletan edo patin gainean lagundu zituztenak izan ziren. Eta jakina, urtero moduan, Korrikaren atzetik auto ilara luzea joan zen beti, uzten zuten lasterkariak jasotzen zituztenak. Korrikalari askok eta askok Sakanako AEK animatzaile saltsero zirikazaleekin barre egin zuten. Gainera, bai, bat, bi eta hiru esaten zuen bakoitzean salto egiten zuten. Horrela, Arabara ia 20 minutuko atzerapenarekin iritsi zen Korrika. Argitzearekin arindu behar izan zuten erritmoa.

Korrika hirugarren aldiz segituan gauez zeharkatu zuen Sakana. Erlainoa, hezetasuna, ipar-mendebala eta hotza bai, baina euririk ez. Izarrak ikusteko aukera izan zuten Korrikaren zain zeudenek eta parte hartu zutenek. Zeru izarratupean euskaraz bizi nahi duten sakandarrek ahobizien eta belarripresten konstelazioa berritu zuten.