Euskarazko Produktuen Katalogora harpidetzeko aukera

Guaixe 2019ko api. 15a, 11:39
Katalogoa.eus web gunea.

Haur eta gazteendako euskarazko produktuak sustatzeko egitasmoa da. www.katalogoa.eus web gunean dago bere eskaintza. Bertan harpidetuta, berritasunen berri jaso daiteke.

Urtebetetzeak direla, neguko oporrak direla… Askorendako buru haustea izaten da haur edo gaztetxo bati oparia erostea. Eta kontua are gehiago zailtzen zaio oparitu nahi dion hori euskarazko produktu bat denean. Egoera horri konponbidea emateko sortu zen Euskarazko Produktuen Katalogoa. 16 urte arteko haur eta gaztetxoendako produktuen berri ematen du. Hamar atal ditu: aldizkariak, musika, liburuak, komikiak, informatika eta aplikazioak, jostailu eta jokoak, filmak, gurasoendako materiala, ikas materialak eta e-bookak.

Katalogoan hainbat produkturen erreferentzia zehatza ematen da: produktuaren izena eta irudia, egilea, adin-tartea, argitaletxea, eta gutxi gorabeherako prezioa. Web guneak produktuetara edo argitaletxeetara zuzenean joateko loturak ere ematen ditu. Maiztasunez eguneratzen da, eta urtean zehar argitaratzen diren produktuak kontsultatzeko aukera ematen du. Katalogoak orain harpidetzeko aukera eskaintzen du. Horrela, han sartutako berritasunak e-postan jasotzeko aukera izanen du interesatuak. Jakinarazi dutenez, urtean zazpi-zortzi buletin izanen dira, eta ez dute maiztasun jakinik izanen.

Atzera begira
Euskarazko Produktuen Katalogoa 1998. urtean argitaratu zen estreinakoz. Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena, Sakanako Mankomunitatea barne. Gaur egun 135 toki-entitate dira parte hartzen dutenak, 200 udaletik gora guztira. Euskal Herriko lurralde eta ezaugarri oso desberdinetako hainbat herritako udalek egin dute bat euskarazko produktuak sustatzeko egitasmo honetan: handiak nahiz txikiak; euskaldun kopuru altuko nahiz baxukoak…