Sakanako Plan Estrategikoaren (SPE) indarraldia bukatzeko bi urte falta dira eta orain arte egindako lana eta eraginkortasunean nola hobetu aztertu dute azaroaz geroztik. SPEren berrikuspena despeditzeko Sakanako Sozioekonomia Behatokia herenegun elkartu zen. Prozesuan jasotako ekarpen eta hausnarketekin ondutako Sakana 2020+ Plan Estrategikoaren berrikuspen txostenaren aurkezpena egiteaz aparte, bidean identifikatu diren erronkei erantzuteko eragileen lan ildoak zehaztu ziren eta Sakanako Garapen Agentziak 2019rako lan ildoak aurkeztu zituen.
Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak aurtengo ildoen nondik norakoak azaldu dizkigu. Alde batetik, Sakana marka indartu nahi dute. Bestetik, gobernantza ereduan sakondu nahi dute: “elkarlanean ongi ari gara, baina sakondu egin nahi dugu”. Horretan zerikusi handia izanen du hauteskundeekin udaletan eta mankomunitatean izanen diren aldaketak. “Lanketa berezia eginen dugu hainbat mailetan. Udalek lau urteko ziklo berri bat hasiko dute eta agentziak lagundu eginen die. Sakanako Mankomunitateak, berriz, bere plan estrategikoa ezarriko du ere”. Ez dute ahaztu Sakana eskualde bihurtuko dela.
Lan ildoak
Industriari dagokionez, Irurtzunen digitalizazioari eskainitako Dinabi gunea dago. “Lanak nahikoa aurreratuta daude. Gobernuaren eskualde aktibaziorako diru-laguntzen zain gaude, beharrezko teknologia finantzatzeko. Enpresengandik gertu dagoen prestakuntza eta berrikuntza erakarri nahi ditugu. Dagoeneko prestakuntza emateko akordioak itxiak ditugu”. Bestetik, SGAtik ibarreko enpresen arteko elkarlana sustatzen segituko dute, “beharrak identifikatzen eta erantzunak bilatzen”.
Orain arte SPEn zeharkako lerroa zen merkataritza, “baina berrikuspenaren ondoren espazio bat emanen zaio. Arlo horretan aurreneko jarduna Garalurrek eta SGAk aurkeztu berri duten Heldu komertzioari kanpaina da”. Elikadura arloan Dastatu Sakana kanpaina denda eta jatetxeetara zabaltzea eta Etxarri Aranazko eraldaketa gunea egitea izanen dira helburuak. Turismoari dagokionez, Uharte Arakilen trail estazioa eginen da. Bestetik, Donejakue bidearen lehen sustapen lanak eginen dira aurten. “Aurten oinezkoendako markatuko dugu. Bizikletendako markatzeak baliabide gehiago eskatzen ditu eta horien bila segituko dugu”.
Horren guztiaren berri emanen diote Nafarroako Gobernuari Aste Santu ondoren. Gainera, eskaera eramanen dute: “SPE bide luzeko plangintza da eta urtez urteko finantzaketa izateak martxa zaildu egiten du. Nafarroako erakundeekin elkarlana hobetu egin behar dugu, aurrera egiteko baliabideei egonkortasuna eman zaie. Epe luzeko planifikazioak jarraipena behar du”.