Altsasun erabakiko dira Nafarroako Herri Kirol Jokoak

Guaixe 2019ko api. 12a, 14:22

Igandean, 11:00etan, Nafarroako Herri Kirol Jokoetako finalak jokatuko dira Altsasun. Andra Mari ikastolako taldeek final guztietan jokatuko dute eta Iñigo Aritza kadeteen proba konbinatuko eta kadeteen sokatirako finaletan ariko da

Aurreko igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoetako laugarren jardunaldia jokatu zen Berriozarren. Jakina denez, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen du txapelketa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin batera. Bertan, Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletako taldeek parte hartu zuten, Nafarroako beste 9 klubetako taldeekin batera. Urtetik urtera gora doa parte hartzea eta proba konbinatuetan 38 talde eta sokatiran 16 talde lehiatu dira.

Berriozarrek utzi zuena
Berriozarko 4. jardunaldian, proba konbinatuetan aldaketak egon ziren aurreko asteetako emaitzekin alderatuta. Kimuen mailan 20 talde aritu ziren bost multzotan banatuta eta azkarrenak Berriozar B taldekoak izan ziren (6:33). Iñigo Aritzako Bargagain hirugarrena sailkatu zen (6:47) eta Andra Mari 6 laugarrena (6:47). Andra Mari 4 6.a izan zen (6:50), Andra Mari 5 7.a (6:53), Andra Mari 7 11.a (7:02), Iñigo Aritzako Intsusburu 12.a (7:02), Iñigo Aritzako Gainsol 14.a (7:06), Andra Mari 3 16.a (7:11), Andra Mari 1 18.a (7:28) eta Andra Mari 2 20.a (7:30). Haur mailako proba konbinatuan 10 talde aritu ziren hiru multzotan banatuta eta Andra Mari 3 izan zen finena (8:56). Andra Mari 2 9.a sailkatu zen (11:05) eta Andra Mari 1 10.a (11:11).Eta kadeteen proba konbinatuan 7 talderen artean Iñigo Aritza izan zen azkarrena (9:46). Andra Mari hirugarrena sailkatu zen.

Sokatiran, haur mailan (480 kg) A multzoan Andra Mari 2 (5 puntu) izan zen finena, Andra Mari 4 (4 puntu) taldearen aurretik. Iñigo Aritza laugarrena sailkatu zen (2,5 puntu). B multzoan Andra Mari 3 nagusitu zen (4 puntu) eta Andra Mari 1 laugarrena sailkatu zen (1,5 puntu). Eta kadete mailan (540 kg), A multzoan Basarnegi (4 puntu) izan zen finena) eta Andra Mari laugarrena (puntu  1). B multzoan Andra Mari 2 gailendu zen 83 puntu), Iñigo Aritzaren aurretik (2 puntu).

Finala etzi Altsasun
Altsasuk hartuko ditu Nafarroako Herri Kirol Jokoetako final handiak, igandean, goizeko 11:00etatik aurrera. Lau jardunaldietako denborak batuz, denbora onena egin duten taldeek lortu dute finalerako txartela. Horrela, kimuen proba konbinatuan Berriozar B, Andra Mari 4, Andra Mari 6 eta Araxes taldeek jokatuko dute finala. Iñigo Aritzako Bargagain sailkatzear egon da, baina bosgarrena izan da sailkapenean eta gutxigatik baina kanpo geratu da. Haur mailako proba konbinatuan Andra Mari 3, Igantzi, Berriozar eta Antsoain A lehiatuko dira, eta kadeteen mailako proba konbinatuan Andra Mari, Iñigo Aritza, Araxes eta Basarnegi.

Sokatiran, haur mailan (480 kg) Andra Mari 4, Andra Mari 3, Andra Mari 2 eta Txantrea taldeek jokatuko dute finala eta kadeteen mailan (540 kg), Basarnegi, Andra Mari 2, Antsoain eta Iñigo Aritza taldeek.