Juniorrak Altsasuko Erramu Trofeoan bilduko dira etzi

Guaixe 2019ko api. 12a, 13:28
Aurreko urteko Erramu Trofeoa.

Igandean Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako juniorren LX. Erramu Trofeoa jokatuko da Altsasun, 10:45ean, 89 km-ko proba

Altsasu txirrindularien bilgune izango da beste behin. Burunda Trofeoari jarraiki, igandean Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako LX. Erramu Trofeoa jokatuko da, 10:45ean elkartearen egoitza zenaren paretik abiatuko dena.

Lehenik eta behin Zegamako bidegurutzeraino helduko dira txirrindulariak, handik buelta hartu eta atzera ere Altsasura heltzeko. Altsasuko bentatik Urdiaineraino helduko dira juniorrak, Urdiainen ezkerrera egin eta igerilekuetako bidea hartzeko. San Pedroko bidegurutzean Altsasuko norabidea hartuko dute, eta Basomuturrera heltzerakoan Institutuen bidetik sartuko dira, bertatik Altsasura sartzeko. Eta atzera ere ibilbide bera egingo dute: Urdiain, igerilekuetako bidea, San Pedro eta Institutuetako bidea. Ondoren, Altsasutik Altamira portua igoko dute, Olaztitik jaisteko eta segidan Urdiaineraino heltzeko. Atzera ere, San Pedrotik Altsasura helduko dira, eta Institutuetako errepidetik Altsasura helduko dira. Berriro ere Altamira igoko dute txirrindulariek, Olaztitik jaitsi eta Urdiaineraino heltzeko. Orduan, igerilekuetako bidetik eta San Pedrotik Altsasura helduko dira atzera ere, eta Institutuetako bidetik Altsasuko Zelai kalera aterata, Zegamako bidegurutzeraino helduko dira berriz. Buelta hartuta, Altsasura heldu eta Altamira igoko dute hirugarrenez, Olaztira jaitsi eta Altsasun Gartzia Ximenez kaletik igo, San Juan kalera sartu eta ezkerrera eginez Altzania kaleko helmugara heltzeko. Ibilbide oso mugitua aurreikusten da, txirrindularitzaz gozatzeko aproposa.

Bestalde, kadeteak Burlatan bilduko dira larunbatean, 15:30ean, Gaztetxoak Torneorako baliagarria den Beola Motor Sarian parte hartzeko (48 km).