Los del Rayoren alde sinfonikoena

Guaixe 2019ko api. 12a, 11:49

'Los del Rayo sinfonikoa' kontzertua 2018ko Altsasuko festetan.

'Los del Rayo sinfonikoa' kontzertua eginen dute Altsasuko rock taldeak, Haize Berriak bandak eta Erkudengo Ama abesbatzak bihar, 19:00etan, Lakuntzako kultur etxean

Lakuntzako kultur etxeko agertokia handitu behar izan dute bihar eginen den ikuskizunerako. Izan ere, hiru talde ariko dira taularen gainean: Los del Rayo rock taldea, Haize Berriak banda eta Erkudengo Ama abesbatza. Guztira 75 bat musikari egonen dira eszenan. Oinarrian Los del Rayo taldearen abestiak daude, rockaren esentzia, beraz, baina Haize Berriak bandaren haize instrumentuakin eta bestelakoekin zein abesbatzaren ahots ugaritasunekin nahastu dituzte. 2017ko abenduan egin zuten lehenengo aldiz ikuskizuna bi urteko prestaketa ondoren. Altsasuko Festetan emanaldi berezia egin zuten Foru plazan eta bihar, larunbata, esperientzia errepikatuko dute Lakuntzako kultur etxean, 19:00etan.

Rock taldearen mitikoenak
Los del Rayo taldeak proposatu zituen abestiak eta hiruren artean adostu zuten zeintzuk egokitzen ziren hobe formatuan. Partituren moldaketak Jose Maria Beltza, Iñaki Ramos eta Alberto Gozalez musikariek egin dituzte. Ikuskizunean denetarik dago: Los del Rayo bakarrik aritzen diren abestiak, bakarlari edo bikoteekin jotzen dituzten abestiak, banda osoarekin jotzen dutenak edota abesbatzarekin egiten dituztenak. Kontzertuaren estasia hiru taldeak batera aritzen direnean da. Gainera, Los del Rayo sinfonikoa ikuskizunaren emanaldi guztietan bezala, sorpresak egonen dira Lakuntzan ere.

Sangre en tu pared, El guardian de tus errores, Preso en tus besosNo te puedo olvidar, Inocente pubertad eta Quiero decirte rock taldearen abestiak joko dituzte, besteak beste. Sarrerak Altsasuko Urtzi tabernan eta Lakuntzako Ogiberri kafetegian eskura daitezke 7 eurotan.

Haize Berriaren etapa berria
Lakuntzan eginen duten emanaldia berezia izanen da ere Luis Orduña 14 urtez Haize Berriak bandako zuzendaria izandakoa zuzendari gonbidatu bezala ariko delako. Izan ere, bandaren zuzendaritza utzi berri du. Hala ere, musikariak azaldu duenez, ikuskizuna ezagutzen du eta Lakuntzan banda zuzenduko du.