Erregionala: Altsasuk berdindu eta Lagun Artearen partida bertan behera, arbitroaren lesioagatik

Guaixe 2019ko api. 15a, 13:17

Erregional mailako igoera fasea. 6. jardunaldia. Lagunak B 0 – Lagun Artea 1 (bertan behera, arbitroaren lesioagatik) / Altsasu 0 – Urroztarra 0

Asteburuan Erregional mailako igoera faseko 6. jardunaldia jokatu da. Lakuntzako Lagun Arteak Lagunaken kontra jokatu zuen, Barañainen. Bi taldeek indartsu ekin zioten partidari eta lakuntzarrak 0 eta 1 aurreratu zuen Zubiriak sartutako penalti bati esker. Lagunak berdintzen saiatu zen, eta partida bere horretan zegoela, Djibrile Rawa Barma arbitroak partida gelditu eta aurrera jarraitzea ezin zuela jakinarazi zien bi taldeei, lesionatua zegoelako. Hortaz, Lagun Arteak 0 eta 1 irabazten zuela bertan behera geratu zen partida.

Bestalde, Altsasuk Urroztarra taldea hartu zuen Dantzalekun. Altsasuarrek dominatu zuten partida hasieratik, baina Urroztarrak ongi eusten jakin zuen. Altsasuk makina bat gol aukera izan zituen, baina ez zen Urroztarraren atea zulatzeko gai izan. Urroztarrak ere arriskua sortu zuen kontraerasoekin, baina husnako berdinketarekin despeditu zen partida, puntu banaketarekin.

Erregional mailako igoera faseko A multzoko liderra Zizurko Ardoi B taldea da (16 puntu). Lagun Artea seigarrena da (6 puntu), partida bat gutxiagorekin, eta Altsasu zazpigarrena (5 puntu). Ostegunean, Lagun Arteak sailkapenean azkena den Amaya hartuko du Zelai Berrin eta Altsasu sailkapenean laugarrena den Iruntxikiren kontra ariko da, Beriainen.