Maiatzaren 26an udal hauteskundeak eginen dira, deialdi horretara begira Alderdi Popularrak Etxarri Aranazko eta Altsasuko hautagaiak aurkeztu zituen larunbatean. Navarra Suma hautagaitzen barruan joanen dira aukeratutakoak. Eskuineko koalizioaren zerrendaburua Etxarri Aranatzen Manuel Leal Villadangos izanen da. Murchanten zinegotzia izana da. Iruindarra sortzez, 15 urte darama Erriberan bizitzen. Nekazaritzako-peritu eta enpresen kudeaketan lizentziatua, gaur egun Tutera inguruan funtzio publikoan ari da. Lealen bigarrena Merche San Pedro Lopez izanen da. 57 urte ditu, ezkondua dago eta bi alaba ditu. Zamoran jaioa Tuteran bizi da. Erriberako hiriburuan hiru legegintzaldietan zinegotzi izan zen, 2003 eta 2015 artean. Udalean Hezkuntza, Gizarte Etxeak eta Gazteria zinegotzia izan zen, baita kultura zinegotzi eta Castel Ruiz kultur guneko presidentea ere.
Navarra Sumak Altsasun ere hautagaitza aurkeztuko du. Zerrenda burua UPNkoa izanen da, bera baita eskuineko koaliziotik udalean ordezkatua dagoena zinegotzi bakar batekin. UPNk ez du oraindik jakinarazi zein izanen den zerrenda burua eta Javier Lopez Patusek errepikatuko ote duen. PPk jakinarazi duenez, zerrendako bigarrena Altsasun Carlos Jimenez Ruiz izanen da. 23 urte ditu eta estreinako hauteskundeak ditu. Marketing ikaslea da Nafarroako Unibertsitatean.
Duela lau urte popularrek Irurtzunen, Uharte Arakilen, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Olatzagutian aurkeztu zituzten hautagaitzak. Etxarri Aranatzen lortu zuten ordezkaritza soilik: Juan Antonio Extremera Apestegia eta Maria Del Carmen Macias Ruiz. Aurrenekoa bi legegintzaldi egin ditu zinegotzi gisa Etxarri Aranatzen. Bigarrena 2015ean aukeratu zuten eta behin bakarrik egon da udal bilkura batean.