Katarain laugarrena eta Beraza lehen beteranoa Beran

Guaixe 2019ko api. 16a, 12:50

Igandean XV. Berako mendi maratoi erdia jokatu zen. 532 korrikalarik osatu zuten proba, eta Ariznabarreta (1:39:38) eta Sanz (1:37:30) gailendu ziren. Beñat Katarain laugarrena sailkatu zen eta Jose Luis Beraza 22.a, probako lehen beteranoa

Igandean jokatu zen XV. Berako mendi maratoi erdia (21 km eta 2.700 metroko desnibela). 543 korrikalarik hartu zuten irteera eta horietatik 532k proba bukatzea lortu zuten, Larun, Manttale eta Zizkuitz mendiak gainditu eta gero. Ez zen sorpresarik egon eta Oier Ariznabarreta durangarrak hasieratik hartu zuen aurrea, distantzia hartzen hasi zen eta Larunen, bidearen punturik altuenean, 3 minutu baino gehiagoko tartea zuen. Bera izan zen txapelduna (1:39:38), seigarren aldiz jarraian Beran irabaziz. Hala ere, ez zuen lortu berak 2014an ezarritako errekorra (1:37:30) gainditzea. Emakumezkoetan Ainhoa Sanz urretxuarrak sorpresa eman zuen eta proba irabazi zuen (1:56:56), errekorra gaindituz. Proba 2 ordu baino gutxiagotan egitea lortu duen lehenengo emakumea izan da.

Beñat Katarain lakuntzarra laugarrena iritsi zen helmugara (1:44:54), lasterketa polita egin eta gero. Jose Luis Beraza uhartearrak ere proba polita egin zuen eta 22. postuan gurutzatu zuen helmuga, probako lehen beteranoa (1:54:46).


 

Beñat Katarain laugarrena Los Tajos Skyracen
Apirilaren 7an Los Tajos Skyrace mendi lasterketa jokatu zen Alhaurín el Grandeko mendizerran barna, Espainiako Koparako baliagarria zen proba, 32 km eta 2.150 metroko desnibel positibokoa. Bertan Euskal Selekzioko Beñat Katarain lakuntzarra aritu zen. Antonio Herrera gailendu zen (2:55:52), eta Beñatek lasterketa bikaina egin zuen: podiumera igotzeko koska batera geratu zen Beñat, laugarrena sartu baitzen (2:59:51).  

Euskal Selekzioari bulkada
Bestalde, astelehenean akordioa sinatu zuten Euskal Mendizale Federazioak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Selekzioak. Akordio horri esker, Euskal Herriko Mendi Lasterkarien Selekzioak bere ibilbidean urrats bat egingo du aurrera, eta Euskal Herritik kanpoko hamaika probetan parte hartuko du, Munduko Kopako probak direnak. Akordioaren helburua Euskal Herriko Mendi Lasterkarien Selekzioa sustatzea eta indartzea da. Jakina denez, Beñat Katarain lakuntzarra Euskal Herriko Mendi Lasterkarien Selekzioko kidea da, beste 17 korrikalarirekin batera. Ibilbide berri honetan Euskal selekziokoak Japonian hasiko dira martxan.  


Sakandarrak XV. Berako mendi maratoi erdian
1.Oier Ariznabarreta    1:39:38
4.Beñat Katarain        1:44:54
22.Jose Luis Beraza    1:54:46
52.Joxeja Maiza        2:02:07
169.Joseba Iza        2:17:03
203.Ibon Ubeda        2:20:33
207.Carlos Mañeru    2:20:44
217.Arkaitz Munarriz    2:21:46
265.Asier Leiza        2:26:38
298.Ibai Arrese        2:30:43