Andra Marik bi txapela eta Iñigo Aritzak bat

Guaixe 2019ko api. 16a, 14:56

Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalak jokatu ziren igandean Altsasun. Andra Marik jokoan zeuden bost finaletan parte hartu zuen eta kimuen mailako proba konbinatua eta kadete mailako sokatirako txapelak lortu zituen. Iñigo Aritzak bi finaletan parte hartu zuen eta kadete mailako proba konbinatua irabazi zuen

Igandean Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin batera antolatutako Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalak jokatu ziren Altsasun. Aurretik, lau jardunaldi jokatu ziren Txantrean, Etxarri Aranatzen, Erratzun eta Berriozarren, eta multzo bakoitzeko lau talde onenak sailkatu ziren Altsasun jokatutako finaletarako.

Txapelketak geroz eta parte-hartze gehiago du eta aurten 11 klub edo elkarteetatik sortutako taldeak lehiatu ziren, herri kirol proba konbinatuetan 38 talde guztira, kimuen, haurren eta kadeteen mailetan banatuta, eta sokatiran 16 talde guztira, haurren eta kadeteen mailatan banatuta.

Altsasun jendetza bildu zen igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalak jarraitzeko. Proba konbinatuak Iortia Kultur Guneko zabalgunean jokatu ziren, eta sokatirako probak, aldiz, Burunda pilotalekuan. Andra Mari ikastolako taldeak final guztietan jokatzeko sailkatu ziren; aldiz, Iñigo Aritza ikastolako taldeak bi finaletan jokatzeko txartela lortu zuten: kadeteen mailako proba konbinatuko finalean eta kadeteen sokatirako finalean.

Konbinatuetan Andra Mari kimuen mailako txapelduna eta Iñigo Aritza kadeteen mailakoa
Proba konbinatuetako finalak oso estuak eta ikusgarriak izan ziren, emozioz betetakoak. Altsasun bildutako zale guztiak txaloka, gozatu ederra hartu zuten finalistek. Kimuen mailan Andra Mari 4 taldea izan zen txapelduna (06:57), Berriozar B taldeari 2 segundo eskas aterata (06:59). Andra Mari 6 taldea izan zen hirugarrena (07:16) eta Araxes laugarrena (07:18).

Haurren mailako txapela, aldiz, Igantzira joan zen (09:03). Lanak bukatzeko 35 segundo gehiago behar izan zituen Andra Mari 3 taldeak (09:38). Berriozar hirugarrena sailkatu zen (10:33) eta Antsoain A laugarrena (10:41). Kadeteen mailan, aldiz, etxeko bi taldeek, Iñigo Aritza ikastolak eta Andra Mari ikastolak, lehia oso estua izan zuten, eta bi segundo eskasengatik Iñigo Aritzak lortu zuen txapela (10:12). Andra Mari bigarrena izan zen (10:14), Araxes hirugarrena (10:42) eta Basarnegi laugarrena (11:04).

Sokatiran Txantrea eta Andra Mari txapeldun
Sokatirako finalak Burunda pilotalekuan jokatu ziren. Haurren mailan (480 kg) Andra Mari ikastolako 3 talde eta Txantrea sailkatu ziren finala jokatzeko, eta Iruñekoak lortu zuten txapela, Andra Mari 3, Andra Mari 4 eta Andra Mari 2 taldeen aurretik. Hirugarren postua erabakitzeko berdinketa hausteko tiraldia egin behar izan zuten Andra Mari 4 eta Andra Mari 2 taldeek.

Kadete mailako sokatira finalean (540 kg) Andra Mari 2 izan zen txapelduna, merezimendu osoz. Bigarrena Basarnategi sailkatu zen, eta hirugarren postua erabakitzeko berdinketa hausteko tiraldia egin behar izan zuten Antsoainek eta Iñigo Aritzak. Antsoain gailendu zen, eta, hortaz, Antsoain hirugarrena sailkatu zen eta Iñigo Aritza laugarrena.

Bukaeran, domina eta trofeoak banatu ziren. Sariak banatzen Pablo Urtasun Team Ukyo txirrindularitza talde japoniarreko zuzendaria, Irati Igoa Mulier taldeko futbol jokalaria, Altsasuko Gurasoak taldeko Elena Garisoain eta Nahia Bengoetxea aritu ziren.

Andra Marik bi txapelketa eta Iñigo Aritzak txapelketa bat lortuta, Nafarroako Herri Kirol Jokoen balorazioa primerakoa da. Dena den, jokoan dauden jardunaldietara autobusez herri ezberdinetara joatea, jendea ezagutzea, herri kiroletan parte hartzea eta gaztetxoen ilusioa, hori da garrantzitsuena.