Klika! SISTEMA ERAGILEAN

Guaixe 2019ko api. 16a, 20:34

Mertxe Mujika, AEKko kordinatzailea, eta Maialen Lujanbio, bertsolaria, lekukoarekin Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. Argazkia: www.korrika.eus

Maialen Lujanbio Zugastik idatzi du aurtengo Korrikako mezua.

Euskara gaur egun arte,
ta Gasteizaino KORRIKA,
ekarri dugunoi: biba,
gora, eutsi, goza...

...KLIKA!
Hizkuntza ez da edukitzekoa.
Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika.

Beraz, KLIKA!
Instalatu eta elika!
Euskara, ez da euskararen gauzetarako aplikazioa.
Euskarak behar du
herri honen Sistema Eragilean.
Memoria handiko lur honen
hizkuntza beti eguneratua, eta software librekoa.

Euskara, bestelakoa baita...
Hain zuzen, besteak bezain bestelakoa.
Bestelakoa eta besteak bezalakoa.

Baina besteekiko badu alde bat:
euskarak dena du aurka;
eta horrexegatik juxtu, dena du mauka!
Dena baitu sortzeko, euskarak,
ia dena du-eta sortzeke.
Dena du egiteko, euskarak, dena du egiteke.

Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna.

...

Hala ere, korrika egiten dugu.

...
Izan ere, hainbeste maite gaituzte erakundeek,
alderdi politikoek, komunikabideek...
korrika gabiltzala...

...
Zergaitik gutxietsiko ote gaituzte hainbestetan
oinez gabiltzanean...?

Ikusiko da... ea euskara
arreta osoan gaur den,
bihar erdi, etzi laurden,
ta laster berriz al gauden
azkentasunetan aurren.

Korrika egiten dugu, lehenetik eta gerorantz.
Korrika egiten dugu,
Euskal Herria eta elkar ezagutzeko.

Korrika egin, munduari gure oinekin eragiteko.

Egin, eragiteko.
    Eragin, eginarazteko.
Norbanakoak egin.
    Herri mugimenduek eragin.
                  Erakundeek eginarazi.

Egin, eragin, eginarazi.

Aukerak eskaini eta euskara eskatu.
    Datozenei ere eman euskaran ostatu
                                             eta eskertu
                                             eta ospatu.

Gu elkartzen gaitu zer ospatuak.
Gu, eta Gu honen baitako Gu-ak:

Umeak, gazteak, helduak, zahartuak...
               Ahoskera berri eta zarratuak.


Zuek eta haiek,
    zakurrak, katuak...
Sardeak, mantalak, gigak eta datuak.
Azalak, ahotsak...

Sei kontinenteetan sakabanatuak,
        Sei kontinenteetatik guganatuak.

Arnasgunekoak, oxigenatuak.

Erribera idortu ta mahats zanpatuak...
...elebesteratuak.
         eta neskenegunak eta zapatuak.

Euskaraz sortuak
             eta euskararatuak.

Mundu bat euskarak,
mende erdia Euskara Batuak,
eta ehunka milaka bizitza eta gogo
EUSKARAK BATUAK.