Sakandarrak primeran Nafarroako Pista Txapelketan

Guaixe 2019ko api. 17a, 16:45

Maitane Igoak, Iratxe Lapuentek, Unai Villalobosek eta Ioseba Fernandezek 10 domina lortu dituzte guztira

Asteburuan Txantreako patinodromoak Nafarroako Pista Irristaketa Txapelketa hartu zuen eta hainbat sakandar lehiatu ziren bertan eta primerako maila eman zuten.  

Batetik, Sakana Patin Taldeko 10 irristalari lehiatu ziren. Kimuetan, Intza Unamuno Ruiz, Enara Arregi Gomez, Eukene Vazquez Rodriguez, Ane Arregi Larraza eta Maialen Pain Urteaga, eta haurren mailan Maddi Goya Anton, Mara Gomez Zabala, Yeray Goikoetxea Garziandia, Oier Ormazabal Ijurra eta Oinatz Zelaia Gorrotxategi. Eta, bestetik, Iruñeko beste taldeetan lehiatzen diren sakandarrak, haurren mailako Maitane Igoa eta Iratxe Lapuente; junior mailako Ane Lapuente, Ana Rita Correia, Ander Chamorro eta Unai Villalobos; eta senior mailako Unai Baztan eta Ioseba Fernandez. Azken hauetatik lau irristalarik 10 domina ekarri dituzte Sakanara.

Kimuen mailan, Sakana Patin taldeko Intza Unamuno 26.a sailkatu zen sailkapen orokorrean, Maialen Pain 29.a, Enara Arregi 33.a, Ane Arregi 34.a eta Eukene Vazquez 35.a.

Haurren mailan, Lagunak taldean dabilen Maitane Igoa etxarriarrak urrezko domina lortu zuen 200 metroko erlojupekoan (00:21´100 segundo), zilarrezko domina 500 m esprintean eta 5.a izan zen sailkapen orokorrean. Lagunak taldeko Iratxe Lapuente ziordiarrak urrezko domina lortu zuen 500 m esprintean (00:49´964 segundo), zilarrezko domina 200 m erlojupekoan eta brontzezkoa 5.000 m kanporaketan. Horretaz gain, lehendabizikoa sailkatu zen sailkapen orokorrean, bere taldekide Uxue Pascual iruindarrarekin puntutara berdinduta. Sakana taldeko Mara Gomez 20.a sailkatu zen sailkapen orokorrean eta Maddi Goya 23.a. Eta gizonezkoen haurren mailan, Sakana taldeko Yerai Goikoetxea 12.a sailkatu zen sailkapen orokorrean, Oier Ormazabal 13.a eta Oinatz Zelaia 18.a.

Emakumezkoen jubenilen mailan Lagunak taldeko Anne Lapuente ziordiarra 8.a sailkatu zen sailkapen orokorrean eta Lagunak taldeko Ana Rita Correia altsasuarra 13.a sailkatu zen sailkapen orokorrean. Gizonezkoen jubenilen mailan, Lagunak taldeko Unai Villalobos altsasuarrak hiru domina lortu zituen: urrezkoa 10.000 puntuko kanporaketan, zilarrezkoa 200 metroko erlojupekoan eta brontzezkoa 10.000 metroko kanporaketan, eta hirugarrena sailkatu zen sailkapen orokorrean. Eta Ander Chamorro altsasuarra 7.a izan zen sailkapen orokorrean.

Bukatzeko, gizonezkoen senior mailan Amaya taldeko Unai Baztan altsasuarra seigarrena sailkatu zen sailkapen orokorrean eta Berriro Ere taldeko Ioseba Fernandez iturmendiarrak 2 urrezko domina lortu zituen, 200 metroko erlojupekoan (00:17´189 segundo) eta 500 metroko sprintean (00:42,456 segundo).

Sakanan pista baten beharra
Sakana Patin taldetik Sakanan pista multifuntzional baten beharra aldarrikatu dute beste behin, irristaketarako eta beste kirol batzuetarako, pista horren faltagatik Sakanako irristalari askok Iruñeko taldeetara jotzen baitute.