Pentsio duinen aldeko aldarrikapena kalean atzera ere

Guaixe 2019ko api. 19a, 09:38

Larunbateko manifestazioaren ondoren, Altsasun, astelehenero, 12:00etan, egiten den kontzentrazioan parte hartzera deitu zuten.

Hauteskunde atarian pentsiodunek “euren burua kalera ateratzera eta gure bizitzaren azken faserako bizi duina defendatzera behartuta” ikusi dute. Manifestazioetako bat Altsasun izan zen larunbatean. Kalean 200 bat pertsonek bat egin zuten pentsio duinen aldarrikapenekin. Hala ere, gogorarazi zuten astelehen eguerdiro kontzentrazioak egiten direla Altsasun. Haietan ahal den jende gehien elkartzea komeni dela gaztigatu zuten.

Larunbateko manifestazioaren akaberan eskaera zerrenda luzea egin zuten: pentsio sistema publikoa eta haren finantzazioa bermatzea; kalitatezko enplegua sortzea; kotizazioak doitzea; berdintasun fiskala; gizarte segurantzaren auditoretza; pentsio publiko duinak eta nahikoak bermatzea; osasun-koordainketa eta “medikamentazoa” bertan behera uztea; 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetzea; 2012ko lan-erreforma eta hurrengoak indargabetzea haiek baitira emakumezkoek eta gazteek pairatzen duten prekarietatearen erantzuleak; pentsioen balioaren handitze automatikoa, gutxienez benetako Kontsumo Prezio Indizeari dagokiona; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea; soldatetan eta pentsioetan genero-desberdintasuna ezabatzea; lan berdina, soldata berdina; oinarri arautzaileen % 100 emakumezkoen pentsioan; zigortu gabeko aldez aurretiko erretiroa, beti ere erabakia langilea ez den beste batek hartzen badu eta pentsiodunek parte hartzea haiei eragiten dieten erabakietan.

Argudioak
Pentsiodunek gaztigatu zutenez, “zaila da ulertzea gizarteak ez ikustea zein egoeratan gauden pentsiodunok gaur egun. Eta zaila da, halaber, gazteek ez ikustea batzuen asmoa dela hemendik gutxira zerbitzu publikoak pribatu bihurtzea”. Deitzaileek azaldu zutenez pentsioen sistema Gizarte Segurantza sistemaren % 10 besterik ez dela, “sistema horren barruan daude lehen mailako osasun laguntza, ospitaletako laguntza, mendekotasun-egoeran daudenendako laguntzak eta abar. Gizarte Segurantzak gaur egun 500.000 milioiko zorra du”. Pentsioen “eltzetxuan” 69.000 milioi euro daudela azaldu zuten.

Salatu zutenez, “sistema kapitalista ondasun publikoen harrapari aseezina da, baita gure aurrezkiena ere”. Europa osoan banakako pentsio planak bultzatu nahi direla nabarmendu zuten. Horri aurre egiteko “aberastasuna hobeto banatzea exijitu” zuten. “Dirua badago” ziurtatu zuten. Eta salatu zuten Europa, Espainia eta Nafarroako administrazioek “gero eta gutxiago gastatzen dute gizarte zerbitzuetan eta gero eta gehiago autobiak, bankuak eta abar erreskatatzen”. Alderdietako hautagaiei zuzendu zitzaizkien ere: “”beharturik daude neurri horiek hartzera, egin ezean herritarren eta gizartearen beharren kontra joanen direlako”. Orain arte egindako presioak pentsiodunen eskaerak alderdien agendetan sartzea lortu dutela, baina “argi” dute “horrela jarraitu behar dela”.