Apirilaren 23, liburuek bizitza hartzen duten eguna

Guaixe 2019ko api. 18a, 12:07

Liburuaren egunaren harira hainbat ekimen antolatu dituzte liburutegiek. Altsasun Bernardo Atxaga egonen da

1616. urteko apirilaren 23an hil ziren Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Inca Garcilaso de la Vega idazleak. Gainera, beste hainbat idazleen jaiotze edo heriotza eguna izan da apirilaren 23a. Historiaren kointzidentzia hau kontuan hartuz, 1995ean Unescok apirilaren 23a Nazioarteko Liburuaren eguna izendatu zuen.

Ondoren jakin denaren arabera, idazle ospetsu hauen heriotza datak ez dira guztiz egiazkoak, izan ere, Cervantes apirilaren 23an 24 ordu zeraman hilda, beraz, 22an hil zen. Eta, Shakespeareren kasuan, bi egutegien arteko afera egon zen. Garai horretan Espainian, Cervantes hil zen tokian, egutegi gregorianoa zegoen, gaur egun Europan erabiltzen dena. Aldiz, Britania Handian, Shakespearen herrialdea, julianoa erabiltzen zen. Beraz, Shakespeare apirilaren 23an hil zen, baina egutegi julianoaren apirilaren 23an. Hortaz, egutegi gregorianoan maiatzaren 3an hil zen Shakespeare.

Dena delakoa, apirilaren 23a egun berezia da literatura eta liburuzale guztiendako. Zer esanik ez liburuz osatzen diren liburutegiendako. Sakanan hainbat ekimen antolatu dituzte liburutegietan.

Atxaga Altsasun
Urteurren berezi bat baliatuko du Altsasuko liburutegiak Liburuaren Eguna ospatzeko: Obabakoak Bernardo Atxaga idazlearen liburuak Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen 30. urteurrena. Beraz, Atxaga izanen da protagonista Altsasuko apirilaren 23an eta datozen egunetan. Izan ere, eguna ospatu beharrean aste bateko egitaraua prestatu dute. Apirilaren 26an, gainera, Bernardo Atxaga Iortia kultur gunean izanen da.

Obabakoak 1988. urtean argitaratu zuen Bernardo Atxagak. Euskal literaturaren liburu ezagunetarikoa da, izan ere, 20 hizkuntza baino gehiagotan itzuli da. Landa eremuko eta herri literaturaren hainbat ipuinez oinarritutako eleberri bat da, eta ahozko tradizioko sinesmen batean baliatu zen Atxaga: muskerra belarri-zulotik sartu eta burmuinenaz elikatzen den istorioa. Obaba herrian gertatzen da istorioa. Errealismo magikoaren eragina dauka eleberriak.

Liburua argitaratu eta urtera Atxagak Espainiako Narratiba Sari Nazionala jaso zuen Obabakoak liburuagatik. Sari hau jasotzen zuen lehenengo euskal idazlea izan zen. Altsasuko liburutegiak egintza berezi hau ospatu nahi izan du Obabakoak liburua irakurriz eta horri buruz hitz egiten. Beraz, apirilaren 23an, 18:00etan, eta 24an, 19:00etan, Obabakoak liburuaren inguruan hizketaldi literarioak antolatu dituzte. Asteartean euskaraz izanen da eta asteazkenean gaztelaniaz. Apirilaren 25ean, 18:00etan, haurrendako tailerra izanen da Bernardo Atxagaren Arratoi txakur maitagarria liburuan oinarrituta. Ekimen guztiak Iortia kultur gunean izanen dira.

Bernardo Atxaga apirilaren 26an, ostiralean, Altsasun izanen da Jose Kruz Gurrutxaga aktorearekin batera. Elkarrekin Martuteneko kartzelan idazleak literatura klasikoari buruzko egindako irakurketa dramatizatua eginen dute. Emanaldia 19:00etan izanen da. Gainera, apirilaren 25, 26 eta 27 egunetako zinema emanaldia Soinujolearen semea izanen da; Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma.

Bestetik, Urdiainen haurrendako ipuin kateatuak ekimena eginen dute apirilaren 23an, 18:00etan. Ondoren, liburuaren eguna ospatzeko merienda eginen dute. Apirilaren 25ean slime tailerra eginen dute liburutegian ospakizunekin bukatzeko.

Liburuaren astea Sakanan
IRURTZUN

  • Apirilak 30 Ipuin kontalaria


ARBIZU

  • Apirilak 28 Lore Azokan liburu truke mahaia


URDIAIN

  • Apirilak 23, 18:00 Ipuin kateatua. Ondoren, merienda.
  • Apirilak 26, 18:00  Slime tailerra


ALTSASU

  • Apirilak 23, 18:00 Hizketaldi literarioa euskaraz: Obabakoak
  • Apirilak 24, 19:00 Hizketaldi literarioa gaztelaniaz: Obabakoak
  • Apirilak 25, 18:00 Haurrendako tailerra
  • Apirilak 26, 19:00 Martuteneko kartzelan irakurketa dramatizatua Bernardo Atxagarekin eta Jose Kruz Gurrutzagarekin.