ELA sindikatuak “egungo eredu kapitalistari aurre eginez, bizitza bera jarri nahi dugu erdigunean. Horregatik aukeratu dugu Bizitza da lehena. Nuestras vidas frente al capital leloa”. Guztiaren gainetik bizitza jarriko duen beste sistema ekonomiko, sozial eta politikoa eskatuko du ELAk Iruñeko Gurutze plazan, 12:00etan.
LAB sindikatuak Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi leloa aukeratu du maiatzaren 1erako. Langilearen egunean “kapitalismoaren benetako aurpegia agerian utzi nahi dugu”.Gaineratu dutenez, “kapitala eta bizitzaren arteko gatazkan, bizitzaren alde egiten dugu, eta, horretarako, Euskal Herriak erabaki egin behar du”. Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuko da manifestazioa 12:00etan.
UGT eta CCOO sindikatuek elkarrekin ospatuko dute Langileen Eguna. Euren afiliatuak eta zaleak maiatzaren leheneko 12:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte. Pertsonak aurretik leloa aukeratu dute mobilizaziorako, Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzaren parean bukatuko dena.
Azkenik, CNTk, CGTk, ESKk, Solidarik eta STEILAS sindikatuek deialdi bateratua egin dute Langileen egunerako. Haiek deitutako manifestazioa maiatzaren lehenean, 12:00etan, Iruñeko San Lorenzo plazatik abiatuko da, udaletxe parean bukatzeko. Mobilizazioak Contra la precariedad, lan erreformak indargabetu leloa du.