Iruñeko Nabarreria auzoan zegoen Maravillas gaztetxea Nafarroako Gobernuaren aginduz bitan hustu zuen Foruzaingoak. Aurrenekoa joan den urteko agorrilaren 17an izan zen. Bigarrena, berriz, ilbeltzaren 8an. Gaztetxearen hustearen kontura auzibidea zabaldu dute eta 82 pertsona daude auzipetuta. Gaztetxetik jakinarazi dutenez, “haietako bat espetxean sartzeko arriskuan dago”. Zazpi sakandar ere auzipetuta daude, lau husteagatik eta hiru errepide mozketa transfeministarengatik. Maravillaseko kideek gaineratu dutenez guztira 109.160 euroko isunak jaso ditzakete auzipetuek. Epaiketa maiatzaren 9an eginen da.
Epaiketa guztien gainetik, Maravillas aurrera leloa duten elkartasun egunak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan. Maravillasekiko Sakanako elkartasun eguna Ziordiko Amarauna eremu autogestionatuan ospatuko da. Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxearen hustea salatu eta epaiketei aurre egiteko dirua biltzeko asmoz antolatu da eguna.
Egitaraua
Errepresioaren kontrako tailerrarekin abiatuko da, 11:00etan. Haren ondoren, 14:30ean, bazkari beganoa izanen da (10 euro). Aldarrikapena modu ludikoan, kalejira eginez, Ziordira zabalduko dute. Jolasak eta mural margotzea izanen da ere. Egitaraua despeditzeko Amaraunak Atzapar rock, Embajada eta Alerta Gorria taldeen kontzertuak hartuko ditu (4 euroko sarrera). Afaltzeko eta han bertan lo egiteko aukera egonen da (lo-zakua eta esterilla eraman beharko dira).
Bestalde, Iturmendiko Gazte Asanbladak herri bazkaria antolatu du maiatzaren 1erako, asteazkenerako, maiatza jasotzen den egunerako. Bazkarirako izen ematea gaztetxeetan edo ohiko tabernetan egin daitekeela gaztigatu dute. Sakanako lanketaren barruan, Altsasun manifestazioa eginen da maiatzaren 3an.