Sakanako Ibilaldiak 30 urte

Maider Betelu Ganboa 2019ko api. 18a, 10:30

Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako Sakanako Ibilaldiak 30 urte borobil beteko ditu aurten. Aurtengo edizioa apirilaren 27an jokatuko da, eta mendizaleek hiru ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute: Sakanako Ibilaldi Luzea, Sakanako Ibilaldi Motza eta Sakanako Ibilaldi Txikia. Aurten iaz zendutako Pello Alzuetaren falta izango dute haren kideek, baina bere lana guztien artean banatu dute eta egunean bertan Pello gidari izango dutela diote Iratxokoek

Irurtzungo Iratxo elkartean bildu gara Manolo Moreno, Ramon Dorronsoro, Alicia Navarro eta Doris Vicenterekin. Aurten Sakanako Ibilaldiak 30 urte beteko ditu eta data hori ez da nolanahikoa. Egun Euskal Herrian mendi ibilbide luzeen artean errekonozimendu handiena dutenen artean dago Sakanako Ibilaldia. Ibilaldi Luzea Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituan eta Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Zirkuituan sartua dago.  Horrela, atzera egin eta urte hauetan gertatutakoak errepasatzeko aukera paregabea iruditu zaigu aurtengoa,eta iaz zendutako Pello Alzuetaren lana gogoratzekoa baita ere. Izan ere, Alzueta Sakanako Ibilaldiaren arduradun nagusia izan zen  urte luzez eta aurten bere falta ugari nabarituko dute Iratxon. Baina aurrera egin eta omenalditxoa egin diote taldekideek, aurtengo Sakanako Ibilaldiko kartelean bere irudia txertatuz.

 


Sorrerak
1989 urtean egin zen lehenengoz Martxa Handia, orduan horrela deitzen baitzioten. “Iratxokoak Sakanako Mendizaleak taldekoak izan gara beti, eta gu eta Sakanako Mendizaleak taldeko batzuk bildu ginen Martxa Haundia egiteko, 12-15 lagun inguru, ingurukoak. Txurregira igo, Satrustegiko mendizerra gurutzatu, Irañetako portura atera eta Uharte Arakilgo atakatik jaitsi ginen herrira –orduan San Donato baselizatik ez ginen pasatzen–, gero Aralarko San Migelera igo, Atan barrena Madotzera joan, ondoren Larrazpilera edo Goldarazko gainera igo eta Etxeberrira jaisteko. Eta handik Irurtzunera. 43-44 km inguru izango zituen bueltak" gogoratu du Manolo Morenok.

2.000 urtea, gakoa
Ibilbidea luzea eta gogorra zen, eta hainbat urte eman zituzten horrela, Sakanako Martxa Handia izenarekin. Aurrerago, urte batean Sakanako Martxa Handia eta beste urte batean Martxa Txikia egitea erabaki zuten. “Batzuk kexatzen diren luzeegia zela, eta horregatik hasi ginen Martxa Txikia egiten, Irurtzun inguruetan. Baina Martxa Txikira jende gutxiago etortzen zen" dio Morenok.
Horrela, 2.000 urtean bi erabaki garrantzitsu hartu zituzten Iratxon: urtero Sakanako Martxa Handia egitea eta martxa hori oraindik ere luzeagoa egitea, eta, horretaz gain, aurrera pausu bat eman eta urte horretatik aurrera Sakanako Ibilaldi Handia izango zena iragartzea, propaganda egitea. “Nik gogoratzen dut pentsatu nuela: Martxa Handira betikoak badoaz, gogorra delako, luzeago jartzen badugu nola etorriko da jende gehiago? Eta begira, urte horretan 100 pertsona etorri ziren, eta ordutik aurrera gehiago. Jendea enteratzen zenean gurea martxa gogorra zela, geroz eta jende gehiago apuntatzen zen" dio Doris Vicentek.

2.000 urteko Sakanako Ibilaldi Handirako kartelak eta diptikoak Euskal Herriko mendi klub guztietara bidali zituzten. Eta bertan aritzeko izena ematea jarri zuten, lehenengoz. Ibilbidea ia berdina zen, baina San Donato ermita sartu zuten ibilbidean, ordura arte Sakanako Martxa Handia ez baitzen ermitaraino heltzen. “Jendeak oso erantzun ona eman zuen, eta hasieratik kanpoko jendea hasi zen etortzen. 100 pertsona etorri ziren, eta harritu ginen. Oso harrera ona izan zuen hasieratik" gaineratu du Vicentek.

2002an beste aldaketa bat egin zuten Iratxokoek. Bukaera aldera Ergako Trinitatearen igoera gehitu zuten. "2002an 200 mendizale etorri ziren, eta hortik aurrera goraka. Izan ere, Sakanako Ibilaldia egitea oraindik ere desafioa da" dio Manolo Morenok.

Sakanako Ibilaldia, desafioa
Sakanako Ibilaldia Nafarroan beteranoena ez bada, beteranoetakoa izango da, eta Euskal Herrian oso ezaguna. "Nafarroako mendi ibilaldi garrantzitsuena da, bere gogortasun eta edertasunarengatik. Alde handiarekin gainera" nabarmentzen du Sakanako Ibilaldia urte luzez egin duen Ramon Dorronsorok. "Jendeak ongi baloratzen du: ibilbidea oso polita da, errepide eta pista tarte oso gutxi ditu eta paisaiak zoragarriak dira. Gogortasuna badu, eta jendearendako erronka izaten jarraitzen du. Sakanako Ibilaldia egiteak oraindik erronka jarraitzen du izaten" gaineratu du Manolo Morenok.

Euskal Herriko Erdigunetik
Felix Isasa ingeniariak Euskal Herriko Erdigunea Andiako mendilerroan dagoela zehaztu zuen, Beriain tontorretik nahiko hurbil, Olibesario sakonune edo saroian. Horretarako, barizentroaren teorian oinarritu zen. Bertan mugarria jaso zen. 2005etik Sakanako Ibilaldia bertatik pasatzen da. "Berriki jakin izan dugu Felix Isasa hil egin dela, eta aurtengo edizioan ere bera oroimenean izango dugu, Euskal Herriko Erdigunean" aipatu dute Iratxokoek.


Ibilaldi Motza eta Txikia
Urte horretan ere, 2005ean, Sakanako Ibilaldi Motza antolatu zuen lehenengoz Iratxok. "Aurreko edizioetan, Sakanako Ibilaldiak A aukera zuen, hau da, luzea, hiru baselizak batzen zituena eta B aukera, laburragoa. Kasu honetan, ibilbidea ez zen San Donato ermitara igotzen, mendizaleak Uharteko atakatik Uharte-Arakilera jaisten ziren, gero San Migel igo eta, azkenean, Larrazpildik zuzenean Irurtzunera zihoazen, Trinitatea igo gabe. Baina B aukera hori ere luzeegia zela zioten, eta 2005ean Sakanako Ibilaldi Motza egitea erabaki genuen, laburragoa. Gero, 2016an, Sakanako Ibilaldi Txikia egin genuen, belaunaldi berriak erakarri eta ibilaldia familian egiteko" diote guztiek.
Beste aldaketa batzuk ere izan ditu ibilbideak. "2012 urtean, Nafarroako Konkistaren 500. urteurrena zenez, gaztelura igo ginen, Orraregira. Eta 2014an, Sakanako Ibilaldiaren 25. urteurrenean, Sakanako Ibilaldia alderantzizko norabidean egin genuen. Baina aldaketa horiek ikuspegi historikoa lantzeko edo data oso konkretuetan egin izan ditugu, jendeari Sakanako Ibilaldia dagoen bezala gustatzen baitzaio" dio Manolo Morenok. Izan ere, ez dago zalantzarik, ibilbide izarra Sakanako Ibilaldi luzea da.

1.258 mendizale, errekorra
2008an 1.000 partaideen muga gainditu zuen proba ez lehiakorrak (1.050 mendizale) eta 2017an parte-hartzaile gehien izan zen: 1.258 kide. Diotenez, parte-hartzearen faktore nagusia eguraldia da. "2008an 1050 mendizale izatetik 2009an 590 izatera pasa ziren. Urte horretan eguraldi oso petrala egin zuen eta parte-hartzean izugarri nabaritu zen" dio Dorisek. Lau urtero, Olinpiada urteetan Tolosan ekainean egiten den mendi martxa denean, Sakanako Ibilaldian partaidetza ere handitzen omen dela gogora ekarri du Manolok. Eta Ibilaldi Motzak eta Txikiak ere mendizaleak erakartzen dituela.

Oinezko mendi martxa ez lehiakorra da
Sakanako Ibilaldia oinezko mendi martxa ez lehiakorra dela "oso garbi geratu behar da" diote Iratxokoek, baina jakina da geroz eta jende gehiagok korrika egiten duela. "Horrek logistika arazo asko sortzen dizkigu. Guk hornidura guneetarako eta kontroletarako ordutegi zehatz batzuk ditugu, eta sarritan korrika datozenak guneak behar bezala prestatu gabe harrapatzen gaituzte, azkarrago datozelako" dio Dorisek. "2000 urtetik, hasieratik nabaritu genuen hori. Markinako neska batzuk etorri ziren, haien pausua segitzen saiatu ginen eta etsi egin behar izan genuen. Oso azkar zebiltzan, ez korrika, baina abiadura handian. Mitikoak izan ziren. Baina urtetik urtera gero eta jende gehiagok egiten du korrikan" gaineratzen du Manolok. "Pentsa! Iaz Trinitateko hornidura gunera inoiz baino lehenago igo behar izan nintzen, 12:00ak pasatxo!" gogoratzen du Aliciak.
Sakanako Ibilaldi Luzea oinez egiteko, esperientzia duen mendizale batek 11 edo 12 ordu behar ditu. Eta korrika datozenak 7 orduren bueltan egin izan dute.

 

Aurtengo edizioan aldaketarik ez
Aurten 30 urte beteko ditu Sakanako Ibilaldiak, baina ibilbidean ez da aldaketarik egongo. Bukaeran opari-poltsa, diploma eta kamiseta eskuratuko dute partaideek. "1.200 pertsonendako azpiegitura prestatuko dugu. Kamiseta kopuru hori eskatu dugu. Izena ematea zabalik dago eta egunean bertan izena emateko aukera egongo da, Iratxon, goizaldeko bostak laurden gutxitik aurrera. "Askotan hitz egin dugu izena ematea aurretik istearen kontua, horrek antolakuntzan lan asko kenduko zigulako, baina egunean bertan izena emateak bizitasuna ematen dio egunari, Iratxoko goizaldeko giro hori, izena-emateak, taberna irekita…" dio Manolok. Jende askok azken unera arte itxaroten du izena emateko, eguraldiaren iragarpena ikusi arte.


Eskaera: ekipazio egokia izatea
Sakanako Ibilaldia egitera ongi ekipatu gabe etortzen omen da jende asko. "Niretzat harrigarriena eta kezkagarriena da jendea nola etortzen den ikustea, ekipazioaren aldetik. Fisikoki ongi prestatuta, baina ez eguraldi txarrari aurre egiteko prestatua. Duela urte batzuk goizeko 6:00etan praka motxa eta kamisetarekin agertu ziren proba korrika egin behar zuten asko, nahiz eta eguraldi oso txarra iragarria egon. Goizeko 8:30ean elur-haizea hasi zen eta berehala zuritu zuen. Pentsa, Beriainen norbait galtzen bada, edo txorkatila bihurritu, 10 minututan, arroparik gabe, 0 gradu azpitik, haize horrekin… Apirilean eta 1500 metrotan ezin da praka motxetan ibili iragarpena txarra bada. Gero kritika latzak izan genituen ibilbidea ez aldatzeagatik. Jendeak jakin behar du nora etortzen den" dio Manolok.

Beste urte batean, euri jasa izugarria bota zuen bukaera aldera. Ibilbidea Madotzen moztu eta Irurtzunera bidali zituzten mendizaleak, Trinitatera igo gabe. Horregatik ere kritika handiak ere izan zituztela aipatzen dute Iratxokoek, proba moztu zutelako. "Askotan ez dakizu nola asmatu, baina gu 1.000 pertsona baino gehiagoren arduradunak gara eta ardura hori oso handia da" nabarmendu du Manolok.

30 urtetan aldaketa ugari
Hasieran ia etxekoena zen mendi martxa bat, bat-batean antolatutako martxa handiagoa izateak aldaketa asko ekarri zituen Iratxora. "Aldaketa erabatekoa izan zen, baina Iratxon auzolanean lan asko egindakoak gara eta ez genuen apururik izan saltoa emateko. Orduan 100 bazkide inguru izango ginen, eta lehendabiziko urtea arrakastatsua izan zenez, aurrera!" gogoratzen du Morenok.
Orduko kartelak ere gordeta dituzte Iratxon. "Zenbat aldatu diren ordukoak Xabi Unanuak egiten dituenekin alderatuta… Pentsa, orain web orria dugu, ibilbideen trackak deskargatu daitezke, lehen ibilbidea errotulagailu gorriz markatzen genuen bitartean, orain izena ematea web orritik egin daiteke eta hasieran nola ibiltzen ginen…" gogoratzen dute guztiek.

"Ibilbideko kilometroak jakiteko, adibidez, hasieran begiz esaten genituen, eta 2000 urtean Foruzainek gurpil horietako bat utzi ziguten, istripuak daudenean neurketak egiteko, eta ibilbide guztia gurpil horrekin egin genuen; horrela markatu eta neurtu genuen ibilbidea" dio Dorisek. Alicia Navarrok hornidurak gogoratzen ditu, garaiko dokumentuak kontsultatuta. "Begira, 1990 urteko memorian jasotzen da pertsona batek, Manolo Garciak, hornidura guztia egin zuela. Autoarekin Uharte Arakilera, San Migelera eta Madotzera joan zen. Duela urte batzuetatik hona 60 pertsona ibiltzen gara bueltaka Sakanako Ibilaldian eta tarteka jende gehiago beharko genuke" dio Aliciak.

"Izena emateak ere lehen zoramena ziren. Telefonoz egiten ziren, datuak eskuz hartzerakoan batzuetan nahastu egiten ginen eta probaren egunean sekulako ilarak eta tapoiak sortzen ziren, izenak ezin bilatu. Orain ordenagailuarekin egiten da guztia eta saltoa handia da. Telefono mugikorretik jarraitu dezakegu prozedura guztia, aplikazioa jaitsita. Baina badaezpada B plana izaten dugu beti, guztia inprimatua izaten dugu, arazorik ez izateko" gaineratzen du Dorisek. Bestalde, hasieran Iratxo klubetik ateratzen ziren mendizaleak, baina duela urte batzuk Atakondoako frontoitik abiatzen da proba, horrenbeste jende Iratxotik ateratzea ezinezkoa delako.

Ingurumena
Probak sortzen duen zaborra izan da Iratxokoen buruhausteetako bat. "Ingurumenaren zaintza gure obsesioetako bat da. Bidean aldaketa handia izan da, jendeak orain ibilbidean ez baitu apenas ezer lurrera botatzen. Baina hornidura guneetako zaborrontzietan jendeak ez du zaborra ongi botatzen. Gaizki botatako zaborra ongi birziklatzeko denbora eman behar izaten dugu. Eta gero, higaduraren arazoa dago. Jendeak ez ditu bideak errespetatzen. Lehen Uhartetik Aralarrera igotzeko bide bakarra zegoen, oso ongi markatuta, baina orain mila daude, korrikalari horiek, azkarrago egiteagatik, sortzen dituztenak. Pixkanaka euriek lurra eramaten dute eta mila bide daude. Guk bide legala markatzen dugu, baina zenbaitek segituko dute? Hori kezkagarria ere bada" gaineratzen du Manolok.

Biek, Manolo Morenok eta Ramon Dorronsorok, Sakanako Ibilaldiko edizio gehienak egin izan dituzte. "25 urteurrenean ibilaldia alderantzizko norabidean egin genuenean egin zitzaidan gogorrena eta ikusgarriena" dio Dorronsorok.


Aurrekontua
Sakanako Ibilaldiak 13.000-14.000 euroko aurrekontua du eta aurrekontua lotzea izaten da taldearen lan garrantzitsu bat. Behin zuloa izan zuten, eguraldi txarragatik inskripzioak asko jaitsi ziren urte batean. Izan ere, jende gehiago edo gutxiago etorri, gastua aurretik egiten da. "3.000 euro galdu genituen, Iratxo elkarteari eskatu genion dirua eta gero itzuli genion. Normalean ez dugu zulorik egiten, inskripzioei, babesleei eta diru-laguntzei esker, baina zuloa sortzea gerta daiteke. Bestalde, hornidura gunean sobratzen diren elikagaiak Nafarroako Elikagai Bankura bideratzen ditugu" azaldu dute Iratxokoek.


Ehunka pasadizo, bideoan
Urte hauetan Sakanako Ibilaldian ez da istripu handirik izan, iktus eta bihotzeko bat izan ezik. Bero eta hotz kolpeak, hanka bihurrituak eta halakoak normalak dira halako ibilbide batean. Beriainen, San Donato baselizatik gertu, tximista batek jota hilik topatu zituzten 8 behiak gogoratzen dituzte guztiek. "Sakanako Ibilaldiaren bezperan gertatu zen, eta hara igo ginenean sekulako sustoa hartu genuen. Zer pentsatu eman zigun. Iltzatuta dugu oraindik irudi hori" aitortu zu Manolok.
30 urtetan ehunka pasadizo daude kontatzeko. "Baionako Maria Luisa eta bere taldea beti bezperatik etortzen ziren, eta Iratxo elkartera etortzen ziren afaltzera, ibilbidea zatekin egiten zuen Oiartzungo koadrila ere mitikoa izan zen… Zenbat pasadizo…" dio Ramon Dorronsorok.
Horietako pasadizo asko Xabi Unanua prestatzen ari den dokumentalean jasoko dituzte. "Ibilaldiaren historia eta bizipenak jaso nahi ditugu bideo horretan eta Irurtzungo Kirolaren Astean aurkeztuko dugu"azaldu du Dorisek.

Pello Alzueta gogoan
Sakanako Ibilaldiaren atzean Iratxo elkarteko kide asko daude, eta horietako bat zen Pello Alzueta. Kanpotarrendako akaso ezagunena, bera baitzen Iratxoko mendi sekzioko presidentea eta Sakanako Ibilaldiko koordinatzailea. Gaixotasun larri baten ondorioz iaz zendu zen Pello, eta aurtengoa bera gabeko lehen Sakanako Ibilaldia izango da. ʺAurtengo kartelean bere irudia agertzen da, Pello gogoan dugulako, eta egunean bertan ere bere argazkiren bat jarriko dugu, hurbil sentitu eta berak gidari izaten jarraitzen duela sentitzeko. Hori izango da gure omenaldi xumea, bera ere horrela zelako” diote Iratxokoek.

Manolo Moreno da Iratxoko mendi sekzioko presidente berria, Doris Vicente kide duela, eta Pellok egiten zituen lan guztiak guztion artean banatu dituzte. Pellok burokrazia kontu guztiak –eskatu beharreko baimen guztiak, Mendi Federazioko eta Nafarroako Kirol Institutuko koordinazio bilerak, babesleak, beharrezko instalazio eskaerak eta beste– egiten zituen, eta, horretaz gain, Sakanako Ibilaldi handiko talde guztiak koordinatzen zituen. ʺGutako bakoitzak ardura bat du eta Pellok lan horiek guztiak koordinatu eta batzen zituen, lotu beharreko partzela guztiak lotzen zituen” gogoratzen du Dorisek. Dena den, Iratxoko makineriak urte asko daramatza lanean eta bakoitzak argi eta garbi du zein lan egin behar duen. ʺBerak esaten zuen taldea garrantzitsua zela, taldea gauden bitartean ez dagoela arazorik, eta horrela da” gaineratzen du Manolok. Pellok guztia oso ordenatua zuen eta Iratxokoek ez dute, inola ere, zerotik hasi behar izan. ʺSakanako Ibilaldiak kristoren lana du: propaganda, inskripzioak, fitxak, web orria, Facebooka, data Federazioetako egutegietan sartu, zirkuitua prestatu, hornidurak, baimenak, babesleak… baina makineria martxan dago, Pelloren lanak banatu ditugu, guztia ongi antolatua dugu eta guztiok badakigu zer egin behar dugun. Eta aurrera!” diote.


2019ko Sakanako Ibilaldia (Apirilak 27, larunbata)
1.Ibilbide Luzea (54 km, 3.388 m desnibela). 

Goizeko 6:00etan abiatuko dira mendizaleak Irurtzungo Atakondoatik. Urrizola, Txurregi (1.100 m), Euskal Herriko erdigunea, Beriain (1.495 m), Uharte Arakil, Aralarko San Migel (1.240 m), Ata bailara, Madotz, Larrazpil (1.040 m), Goldaratz, Latasa, Trinitatea (995 m) eta Irurtzungo plaza. 11/12 ordu inguruko ibilbidea.



8 kontrol edo hornidura gune: Iturrian, San Donaton, Uharte Arakilen, San Migelen, Madotzen, Latasan, Trinitatean eta Irurtzunen.

2. Ibilbide Motza (25,5 km, 1.440 m desnibela).
Goizeko 7:30ean abiatuko dira mendizaleak, Irurtzungo Atakondoa pilotalekutik. Etxeberriraino iritsiko dira, Arrantzaleen xendatik. Ondoren, Itxasperri gainditu eta Egiarretatik Madotzera iritsiko dira, Larrazpil (1.040 m), Goldaratz, Latasa eta Artola gainditu ondoren, Trinitateko Ermitara igotzeko (995 m). Handik Irurtzunera jaitsiko dira. 6 ordu inguruko ibilbidea.



3. Ibilbide Txikia (14 km, 736 m).
Goizeko 9:30ean abiatuko dira, Iratxotik. Etxeko txikienekin egiteko ibilbidea. Txikiak heldu baten zaintzapean egon beharko dute. Trinitatera (995m.) igoko dira, Latasara jaitsi eta Arrantzaleen xendatik Irurtzungo plazara helduko dira. 3/4 ordu inguruko ibilbidea.

Izena ematea, zabalik

Apirilaren 24ra arte, www.iratxoelkartea.com web gunetik www.zirkuitua.com web gunera bideratuta. Prezioa: Ibilbide Luzekoek eta Ibilbide Motzekoek 12 euro eta langabetuek 5 euro; Ibilbide Txikikoek, 14 urtez azpikoek 4 euro eta 14 urtetik gorakoek 8 euro. Eta probaren egunean bertan, 15 euro.

www.iratxoelkartea.com




Sakanako Ibilaldiko informazio guztia eta hiru ibilbideen trackak, perfilak eta mapak.