Errotuluak euskaraz jartzeagatik diru-laguntza eska daiteke

Guaixe 2019ko api. 24a, 11:56
Altsasuko harategi baten errotulu elebiduna. Artxiboa.

Sakanako Mankomunitateak emanen die errotuluak, toldoak eta ibilgailu komertzialen errotulazioa euskaraz jartzen dutenei.

Kalean dauden testu idatziek informazioa ematen dute. Eta funtzio sinbolikoa dute ere. Errotuluek establezimenduari buruzko informazioa emateaz aparte, hizkuntza baten erabilera edo aldekotasuna adierazten dute. Sinbolismoa ere badu, hizkuntzari balioa aitortzen diolako. Kaleko idatzi horiek hizkuntza paisaia osatzen dute eta hori euskalduntzeko asmoz Sakanako Mankomunitateak diru-laguntza deialdia egin du. Euskara Zerbitzuan argi dute komertzio edo ostalaritza establezimenduetan euskaraz errazago hitz eginen dugula haren hizkuntza paisaia euskaraz badago. Horregatik egin du deialdia, elkarteei zabaldu zaiena.

 Deialdiak 1.500 euroko diru-poltsa du. Mank-ek deialdian jaso duenez, euskara hutsean idatzita dagoen errotulua jartzen duenari gastuaren erdia pagatuko diote, gehienez ere 500 euro. Euskaraz eta erdaraz idatzitako errotuluak jartzen dituztenei gastuaren laurdena pagatuko diete, 250 euro gehienez. Azken kasuan euskarazko testuak lehentasuna izan beharko luke.

Diru-laguntzan interesa dutenek azaroaren 29ra arteko epea dute euren eskaerak aurkezteko. Mank-en Lakuntzan aurkeztu beharreko agiriak honakoak dira: eskabide ofiziala beteta, IFKren fotokopia, fakturaren fotokopia, errotuluaren argazkia eta aitorpen bat zeinetan jasotzen den errotuluagatik beste administrazio edo erakunde pribaturen bati diru-laguntza eskatu zaion eta laguntza jaso den.  Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta deialdiaren inguruko bete behar guztiak www.sakana-mank.eus web gunean daude.