“Ehunka milaka bizitza eta gogo EUSKARAK BATUAK”. Korrikaren lekukoak eskuz esku Euskal Herrian barna eraman duen idatziaren bukaera da hori, Maialen Lujanbio Zugastik idatzia. Gasteizen irakurri zuen mezua honela hasten zen: “Hizkuntza ez da edukitzekoa. Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika. Beraz, Klika! Instalatu eta elika!” Euskaraldiko txapak berriro kalera aterarazi dituen Korrikaren akaberan Lujanbiok euskara erabiltzeko deia egin zuen.
Txapen bidez bat egin dute Korrikak eta Euskaraldiak. Aurrenak Klika eginez hizkuntza ohituretan aldaketa egiteko eskatuz. Atzenak norberaren hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko eskatuz. Hain zuzen Korrikak Euskaraldiari pasa dio lekukoa. Izan ere, Euskaraldiko bigarren edizioa 2020ko udazkenean hasiko da. Baina hura behar bezala prestatzeko Sakanako ahalduntze saioa astelehenerako, 18:00etan, iragarri dute. Sakanako Mankomunitateak Lakuntzan duen egoitzan izanen da. Euskaraldiko sustatzaileek parte-hartzaileen iritzia jaso nahi dute eta makina bat eskualdetan eginen dituzte halako aurkezpen saioak.
Horiek guztiak bigarren Euskaraldiaren aurkezpen mintegiaren atarikoak izanen dira. Aipatu saio hori garagarrilaren 1ean izanen da, Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Carlos Santamaria zentroan, 10:00etatik 13:30era. Aurreneko Euskaraldian pertsonen hizkuntza ohituretan eragin eta horrela euskararen erabilera handitzeko asmoa zegoen. Bigarrenak helburu horri helduko dio, baina entitateek hartuko dute protagonismo handiagoa. Horregatik, garaiz abiarazi nahi dute dinamika. Donostiako hitzordua xehetasunak emateko izanen da. Euskaraldiko sustatzaileek euskaltzale sakandarrei euren agendatan bi data horiek gordetzeko eskatu diete.