Erregionaleko igoera fasea: Lagun Arteak irabazi eta Altsasuk galdu

Guaixe 2019ko api. 29a, 12:14

Erregional mailako igoera fasea. A multzoa: Lagun Artea 3 – Universidad de Navarra 2 / Ardoi B 3 – Altsasu 1

Erregional mailako igoera fasean 8. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Lagun Arteak Universidad de Navarra taldea hartu zuen atzo Zelai Berrin. Arratsalde eguzkitsuan, lakuntzarrak uneoro partidako jaun eta jabeak izan ziren. Hala ere, Enriquek Universidad de Navarra aurreratu zuen, baina berehala berdintzea lortu zuen Laguneko Zubiriak. Atzera ere OPUSeko unibertsitatekoek aurreratzea lortu zuten, baina atsedenaldia baino lehen bira berdintzea lortu zuen Mendietak. Bigarren zatian Lagun Artea jaun eta jabe izan zen; makina bat gol aukera sortu zituzten lakuntzarrek eta 76. minutuan Yonatanek garaipenaren gola sartzea lortu zuen area kanpotik egindako jaurtiketa bati esker. Horrela, 3 puntuak lortu zituen Lagun Arteak eta igoerarekin amesten jarraitzen dute lakuntzarrek.

Aldiz, Zizurtik punturik gabe etorri zen Altsasu. Ardoi eta Altsasuren arteko partida oso gogorra izan zen. Hasieran Ardoik kontrolatu zuen baloia, baina Altsasuk aurreratzea lortu zuen kontraeraso batean Christianek sartutako gol eder bati esker, eta hortik aurrera jokoa dominatzea lortu zuten altsasuarrek. Baina bigarren zatian Zizurko taldea Altsasukoa estutzen hasi zen, eta partida berdintzea eta beste bi gol sartzea lortu zuen Ardoik. 3 eta 1 galduta, punturik gabe itzuli ziren altsasuarrak.

Bestalde, Ostegun Santuan jokatutako 7. jardunaldian, Lagun Arteak 3 eta 1 irabazi zion Amaya taldeari Lakuntzako Zelai Berrin eta Iruntxikik eta Altsasuk hiruna berdindu zuten Beriainen jokatutako partidan.

Gauzak horrela, Erregionaleko Igoera faseko A multzoko liderra Ardoi B taldea da (22 puntu), Lagun Artearen bigarrenaren aurretik (15 puntu). Altsasu zazpigarrena da (6 puntu).

Altsasu vs Lagun Artea, derbia jokoan
Asteburuan erregional mailako igoera faseko 9. jardunaldia jokatuko da eta Sakanako bi taldeen arteko derbia egonen da jokoan, Dantzaleku zelaian, Altsasu eta Lagun Artea taldeen artekoa. Bi taldeek irabazi nahi dute eta partida oso gogorra aurreikusten da.