2019 hauteskunde urtea da. Hainbat alderdi politiko aho betean zabaltzen ari diren mezu xenofobo, atzerakoi eta antifeministek kezkatzen gaituzte. Migratzaileak gure gizartearen gaitz guztien erruduntzat jotzen dituen migrazioen aurkako diskurtsoa normalizatzen ari da. Zitala da: paperak -hots, eskubideak- ukatzen zaizkien pertsona horiek oso errentagarriak zaizkio kapitalismoari, eskubiderik gabeko pertsonak zapalduak izan daitezkeelako, zigorrik jasan gabe.
Giza eskubideen migrazioa, Europatik alde eginda, ez dugu nahi. Giza eskubideak ez dira bozkatzen eta ezin dira hauteskundeen gorabeheren menpe utzi: giza eskubideak besarkatzen dira.
Ahotsa goratu behar dugu elkartasunaren kriminalizazioaren eta neofaxismoaren gorakadaren aurrean; arrazista, matxista eta xenofoboa den eguneroko indarkeria instituzionalaren eta kanporatze-politiken aurka.
2018ko azaroan, hainbat gizarte mugimendutan parte hartzen duten 200 lagun inguruk ‘M5-Herrien, pertsonen eta Giza Eskubideen besarkada’ ekimen europarra sortu zuten Artea herrian. Ekimenaren testuinguruari dagokionez, aipatu behar da itsasertzeko zeharkaldia munduko mugarik hilgarriena dela gaur egun, urtero milaka baitira bertan hiltzen edo desagertzen diren pertsonak. Bigarren Mundu Gerraz geroztik piztu den migrazio-krisi handienaren kokaleku nagusi dugu Europa. Krisi horren jatorrian, gatazka armatuez gain, zapalkuntza, espolioa eta kanporatzeak eragiten dituen sistema ekonomiko kapitalista, neokolonial eta heteropatriarkala dugu.
Pertsonak kategorietan sailkatzen dituzten mugak altxatzea (batzuei eskubideak aitortuz, beste batzuei eskubide oro ukatzen zaien bitartean) ez da bidezkoa.
"Herrien besarkada" bizitzak eta giza eskubideak erdigunean kokatzen saiatzen da. Hilabete hauetan hainbat elkartek, sindikatuk eta bestelako eragilek bat egin dute kanpainarekin, eta ibilbide honi amaiera emango zaio Europako zenbait tokitan maiatzaren lehenbiziko asteburuan irudikatuko diren besarkada kolektibo eta solidarioen bidez.
Pertsona eta talde guztiei dei egiten diegu datozen egunetarako programatu diren jardueretan parte har dezaten. Atzerritarren legea bertan behera uztea, AIZ (Atzerritarrentzako Internamendu Zentroak) ixtea eta pertsonen ibiltze librearen eskubidea betetzea exijitzen dugu.
HARRESIAK BOTA ETA ZUBIAK ERAIKI DITZAGUN!!!