Pentsio duin eta publikoen alde

Guaixe 2019ko api. 30a, 15:00

Irurtzungo plazan pentsio duinen aldeko aldarrikapena egiten. Argazkia: Sasoia.

Sasoiak deituta 50 bat pertsona elkartu dira Irurtzungo azokan.

Irurtzungo azokatik gaur pasa denak elkarretaratze batekin egin du topo. Pentsio duinak lortu arte leloa zuen pankartaren atzean elkartu dira Sasoia, Nafarroako pentsiodunen eta jubilatuen elkartearen deialdiari erantzun diotenak. Bizi duin bat izateko moduko pentsioak aldarrikatu dituzte. Urtetik urtera Kontsumo Prezioen Indize errealarekin automatikoki berdintzea. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea exijitu dute. Horri lotuta lan erreformak bertan behera uztea aldarrikatu dute.

Horrekin batera, Sasoiak-eko kideen nahia litzateke emakumezkoen eta gizonezkoen arteko soldata eta pentsio arrakala gainditzea. Aldi berean, “pentsio duin, publiko, bidezko eta behar bestekoak ezartzea” exijitu dute. Pentsioak Nafarroatik kudeatzeko nahia adierazi dute azkenik. Orain arte lortutakoa mobilizazioei esker lortu dela eta horrela segitzeko deia egin dute, lortutakoa bermatzeko eta eskubide berriak lortzeko.