Kadeteak: Etxeberria hirugarrena Altsasun eta Uncilla bigarrena Respaldizan

Guaixe 2019ko mai. 1a, 14:26
Mikel Uncilla bigarrena Respaldizan.

Apirilaren 21ean kadeteen mailako XXXII. Burunda Trofeoa jokatu zen Altsasun eta El Proex taldeko Diego Ruiz de Arkautek irabazi zuen, esprintean. Sakana Group-Sakana taldeko Martzel Etxeberria hirugarrena sailkatu zen. Larunbateko Respaldizako proban Mikel Uncilla bigarrena izan zen

Kadete mailako txirrindulariak lanpetuta ibili dira azken egunotan. Apirilaren 21ean XXXII. Burunda Trofeoa izan zuten jokoan Altsasun, 51 km-ko proba estua. 28 txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen elkarrekin Altsasuko helmugara eta El Proex taldeko Diego Ruiz de Arkaute gailendu zen (1:14:21). Sakana Group-Aralar taldeko Martzel Etxeberria iturmendiarra podiumera igo zen, hirugarrena sailkatu baitzen. Horretaz gain, mendiko txapelketa irabazi zuen iturmendiarrak.

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Top-Tenean Quesos Albeniz taldeko Mikel Uncilla 5.a sailkatu zen, eta bere taldekide Hugo Aznar 9.a. Sakana Group-Aralar taldeko Jon Erdozia 37.a iritsi zen, Quesos Albenizko Jon Chamorro 44.a, Quesos Albenizko Oihan Etxeberria 49.a, Quesos Albenizko Unax Trevejo 55.a, Sakana Group taldeko Aimar Tadeo 62.a, Sakana Groupeko Alex Lopetegi 68.a, Sakana Groupeko Aitor Ondarra 72.a eta Quesos Albenizko Julen Guerrero 87.a.

Taldeka etxeko taldea, Quesos Albeniz, izan zen onena, eta Tartekako Helmugen Txapelketa Rural Kutxa-Ikolan taldeko Unax Iztuetak irabazi zuen.

Mikel Uncilla bigarrena Respaldizan
Larunbatean kadeteek Arabako bidea hartu zuten, Gaztetxoak Torneorako baliagarraia zen XXXIV. San Prudencio Saria baitzegoen jokoan Respaldizan. Ibilbidea oso gorabeheratsua zen eta haizeak ere eragina izan zuen proban. Lehen urteko kadeteen lasterketan hirukote bat iritsi zen elkarrekin helmugara eta euren arteko borrokan Augar-Laguntasuna taldeko Beñat Garaiar gailendu zen, Quesos Albeniz taldeko Mikel Uncillaren aurretik. Lehen 20 postuak kontuan hartuta, Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo 19.a sailkatu zen, 27 segundora. 2. urteko kadeteen mailan, aldiz, Bazpi taldeko Beñat Carbayeda iritsi zen bakar-bakarrik helmugara. Lehen 20 postuak kontuan hartuta, Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar laugarrena sartu zen, 21 segundora, Martzel Etxeberria 9.a, denbora berean, eta Sakana Group-Aralar taldeko Jon Erdozia 14.a, denbora berean.