Historiaz Betetako XI. Arakilgo Mendi Martxa, bihar

Guaixe 2019ko mai. 3a, 10:38
Arratsaldean Arakilgo Satrustegiko txondorrari buruzko dokumentala mustuko dute.

Satrustegitik aterako dira mendizaleak larunbatean, goizeko 9:00etan, eta Jokin Lanz historialariarekin buelta ederra egingo dute. Ondoren bazkaria eta Txondorraren film laburraren proiekzioa egingo dute

Arakilen, mendia eta kultura batzen dituen egitasmo bikaina antolatu dute larunbaterako, Historiaz betetako XI. Arakilgo Mendi Martxa, hain zuzen ere. Hitzordua bihar, larunbatean, goizeko 9:00etan jarri dute, Satrustegiko plazan, handik abiatuko baitira mendizaleak. Berama, Beorkozulo, Zuhatzuko muga, Martijaren borda, Itumuttu iturria, Arruteko harkaitzak, Zuhatzuko lautadak eta Satrustegiko lursailak gainditu eta gero, Satrustegira iritsiko dira. Ibilbidean barna azalpenak emango ditu Jokin Lanz historialariak.

Ondoren, izena emana dutenak bazkaltzera bilduko dira Satrustegiko Astamendi elkartean, eta ondoren, 18:00etan, Irune Martinezek eta Aitor Abregok Satrustegiko txondorrari buruz landutako film laburra aurkeztuko dute.