Juniorrak: Arrietaren garaipena, Alberdiren hiru podiumak eta Mintegiren biak

Guaixe 2019ko mai. 2a, 12:32

Igor Arrietak maiatzaren 1eko Lacturale Saria irabazi zuen, Aitor Alberdi bigarrena izan zen Agurainen eta Amurrion eta hirugarrena Lizarran eta Iker Mintegi bigarrena sailkatu zen Lizarran eta hirugarrena Lacturale Sarian

Junior mailako tropelak makina bat lasterketa izan ditu azken bi asteetan, eta aurreko postuetan egon dira Aralar eta Burunda klub sakandarretako txirrindulariak, Sakana Group-Aralar taldeko Aitor Alberdi arbizuarra bereziki. Hiru podiumetara igo da arbizuarra: bigarrena izan zen Agurainen eta Amurrion eta hirugarrena Lizarran. Horretaz gain, bere taldekide Igor Arrietak asteazkenean Etxeberri eta Goldarazko gainaren artean jokatutako Lacturale saria irabazi zuen eta Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi altsasuarra bigarrena izan zen Lizarran eta hirugarrena Lacturale Sarian.

 


Alberdiren hiru podiumak eta Iker Mintegirenak
Ekainaren 20an juniorren XXII. Meoqui Memoriala jokatu zen Lizarran (73 km). Hiru txirrindulari iritsi ziren batera helmugara, eta esprintean Lizarte Ermitagaña taldeko Diego Uriarte gailendu zen, Iker Mintegi altsasuarraren eta Aitor Alberdi arbizuarraren aurretik. Lehen 10 postuak aintzat hartuta, Quesos Albeniz taldeko Unai Aznar seigarrena izan zen eta Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta uhartearra zortzigarrena. Mendiko sailkapena Aitor Alberdik lortu zuen.

Hurrengo egunean, Agurainen, XLV. Sallurtegi Saria jokatu zuten juniorrek (79 km). Kasu honetan ere taldetxo bat iritsi zen batera helmugara, laukote bat, eta esprintean Lizarte Ermitagañako Mikel Retegik irabazi zuen (2:00:40). Aitor Alberdi bezperan Lizarran bigarrena izan ondoren, Agurainen bigarrena sailkatu zen. Lehen 20 postuak kontuan hartuta, Quesos Albenizko Iker Mintegi 13.a eta bere taldekide Unai Aznar 14.a izan ziren, 3 segundo eta 23 segundora, eta Igor Arrieta 17.a sartu zen, 1:42ra.

Larunbatean, apirilaren 27an juniorren tropela Araban bildu zen, IV. Amurrioko Sari Nagusian aritzeko (95 km). Lasterketa Euskal Herriko Torneorako baliagarria zen 3. proba zen. Lasterketa nahasian, tropel nagusia batera iritsi zen helmugara eta esprintean Ulma taldeko Ander Blazquez gailendu zitzaion Aitor Alberdi arbizuarrari (2:20:42). Lehen 20 postuak kontuan hartuta, Unai Aznar 17.a sailkatu zen eta bere taldekide Iker Mintegi altsasuarrak ere lasterketa ona egin zuen, Mendiko sailkapena irabazi baitzuen.


Arrieta ikusgarri Etxeberrin
Asteazkenean juniorren Lacturale Saria jokatu zen Etxeberrin. Lasterketa oso mugitua izan zen, oso azkarra eta txirrindulariak banaka iritsi ziren helmugara. Igor Arrieta uhartearrak sekulako erakustaldia egin zuen eta merezitako garaipena lortu zuen (1:45:25), Lizarte Ermitagaña taldeko Pablo Castrillori 14 segundo eta Iker Mintegi altsasuarrari 34 segundo aterata. Irabazteaz gain, mendiko sailkapena eta tartekako helmugen sailkapena irabazi zituen Uharte Arakilgo txirrindulariak.

Lehen 20 postuak kontuan hartuta, Aitor Alberdi seigarrena sartu zen, 5:00 minutura, Lizarten dabilen Jon Gil lakuntzarra 8.a, 5:11ra, Unai Aznar 9.a, 5:17ra, eta Unai Aznar 9.a, 5:17ra. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Mikel Arretxe (Beola) 26.a sartu zen, Diego Gonzalo (Q.Albeniz) 22.a, Mikel Lizasoain (Sakana G.) 37.a eta Unai Villalobos (Q. Albeniz) 56.a.

Taldekako sailkapenean, Lizarte Ermitagaña gailendu zen, Quesos Albeniz eta Sakana Group-Aralar taldeen aurretik.