Euskaraldirako motorra prestatzen

Guaixe 2019ko mai. 6a, 09:21

Bigarren euskaraldia prestatzeko bilera.

2020ko udazkenean izanen da. Pertsonez aparte entitateek euskararen erabilera sustatzeko ekimenean parte hartzeko aukera izanen dute.

Herritarren euskararen erabilera areagotzeko sekula egin den ariketarik handiena izan zen Euskaraldia. Haren antolatzaileek jakinarazi dute bi urtetik behin eginen dutela, Korrikarik ez dagoen urteetan. Hau da, bigarrena heldu den urtean eginen dela. Euskararen erabilera handitzeko ariketa hori elur bolen modukoa izan nahi du, urtetik urtera handiagoa. Horregatik, heldu den urtean pertsonez aparte entitateek parte hartzeko aukera izanen dute (erakunde publikoak; lantegiak; ikastetxeak, gizarte-, kirol-, kultur-erakundeak; merkataritza eta ikastetxeak). Antolatzaileen iritziz pertsonek halako entitateekin ezinbesteko harremana dute eta hizkuntzaren sustapenean aparteko garrantzia aitortzen diete.

Horiek horrela, Sakanako euskalgintzako hainbat kide dagoeneko hasi dira bigarren Euskaraldia prestatzen. Aurrenekoan parte hartutako hamabost bat sakandarrek Euskaraldiari buruzko argibide saioan parte hartu zuten astelehenean. Hobetzekoak eta ongi egindakoak zerrendatuta aurrera begira jarri eta kronograma prestatzen hasi dira. Hurrengo hitzordua Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen campuseko Karlos Santamaria eraikinean izanen da, garagartzaroaren 1ean.  

Deia
Joan den urtean Euskaraldia aurrera eramateko taldeak honako herrietan sortu ziren: Irurtzunen, Arakilen, Uharte Arakilen, Arruazun, Lakuntzan, Arbizun, Lizarragan, Etxarri Aranatzen, Bakaikun,  Urdiainen, Altsasun eta Olatzagutian. Taldeak irekiak dira eta haietan parte hartzera deitu dute.