Nafarroako Aldizkari Ofizialak udal hauteskundeetarako behin betiko zerrendak argitaratu zituen asteartean. Sakanako udalak berritzeko 25 hautagaitza aurkeztu dira, duela lau urte baino bederatzi gutxiago. Zerrenda kopurua gutxitzean zerikusi zuzena du UPNk, PPk eta Ciudadanosek Navarra Suma zerrenda bateratuan aurkeztean, lehen bien artean aurreko deialdian bederatzi zerrenda aurkeztu zituztelako eta oraingoan lau besterik ez. Arakilgo eta Irurtzungo independenteak ere ez dira aurkeztu. Arakilgo Independenteen taldeko Paz Gonzalez Saguesek esan digunez, “zerrendan zeuden batzuk errepikatu nahi zuten, besteak ez. Eta azkenean ez da zerrendarik osatu. Trantsiziotik lehen aldia da independenteen zerrenda aurkezten ez dena”. Bestalde, bi herritan, Irañetan eta Iturmendin, deialdi honetan ez da udal hauteskunderik izanen.
Generoa
Hauteskunde lehiara aurkeztutako 25 zerrendak 260 pertsonaz osatuta daude. Haietatik 150, gizonezkoak dira, % 57,69. Gainontzeko 110 hautagaiak emakumezkoak dira, %42,31. 25 zerrenda horietan buru edo alkategai 19 gizonezko dira; % 76, duela lau urte baino 2,47 puntu gehiago. Gainontzeko 6 alkategaiak emakumezkoak dira, % 24.
Udal hauteskundetara aurkeztutako 25 zerrendetatik bostetan (%20) soilik daude emakumezko gehiago gizonezkoak baino: Arbizuko, Etxarri Aranazko eta Ziordiko EH Bildukoetan, Ergoienako Askogainen eta Olatzagutiko PSNkoan. Bestetik, Irurtzungo EH Bilduko zerrendan emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua bera da.
Udala | Zerrenda kopurua | Hautagaiak guztira | Gizonezkoak | Emakumezkoak | ||
Zerrendetan | Alkategai | Zerrendetan | Alkategai | |||
Arakil | 1 | 7 | 5 | 0 | 2 | 1 |
Irurtzun | 2 | 25 | 15 | 2 | 10 | 0 |
Uharte Arakil | 1 | 8 | 6 | 1 | 2 | 0 |
Arruazu | 1 | 5 | 3 | 1 | 2 | 0 |
Lakuntza | 1 | 9 | 6 | 1 | 3 | 0 |
Arbizu | 1 | 11 | 5 | 1 | 6 | 0 |
Ergoiena | 2 | 18 | 11 | 2 | 7 | 0 |
Etxarri Aranatz | 2 | 22 | 11 | 1 | 11 | 1 |
Bakaiku | 1 | 7 | 6 | 1 | 1 | 0 |
Urdiain | 1 | 7 | 6 | 1 | 1 | 0 |
Altsasu | 7 | 100 | 55 | 4 | 45 | 3 |
Olatzagutia | 3 | 27 | 14 | 3 | 13 | 0 |
Ziordia | 2 | 14 | 7 | 1 | 7 | 1 |
Sakana | 25 | 260 | 150 | 19 | 110 | 6 |
57,69 | 76 | 42,31 | 24 |
Udalak
Dagoeneko zazpi herritan badakite zein izanen den alkatea hurrengo legegintzaldian, honakoak dira: Arakilen, Uharte Arakilen, Arruazun, Lakuntzan, Arbizun, Bakaikun eta Urdiainen. Hautagaitza independenteko alkatea izanen da Arruazukoa, gainontzekoak EH Bildukoak izanen dira. Beste lau herritan bi hautagaitza aurkeztu dira. Navarra Suma eta EH Bilduren arteko lehia izanen da Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen. Ergoienan bi talde independente aurkeztu dira. Ziordian, berriz, Geroa Bai eta EH Bilduren artean aukeratu beharko dute herritarrek.
Olaztiarrek hiru hautagaitza dituzte aukeran: Navarra Suma, PSOE eta EH Bildu. Altsasuarrek, beste behin, hautagaitza eskaintza zabalena izanen dute, zazpi: Navarra Suma, Izquierda Unida, PSOE, Geroa Bai, Ahal Dugu, EH Bildu eta Vox.
Alderdiak herrika
EH Bildu (11) Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia.
Navarra Suma (4) Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutia.
Independenteak (3) Arruazu eta Ergoiena.
Geroa Bai (2) Altsasu eta Ziordia.
PSN (2) Altsasu eta Olatzagutia.
Ahal Dugu (1) Altsasu.
Izquierda Unida (1) Altsasu.
Vox (1) Altsasu.
Bitxikeriak
Legegintzaldi honetan alkate izan eta hautagaitza errepikatu dutenak bost dira (%33,33): Aitor Larraza Carrerra (Irurtzun), Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza (Lakuntza), Egoitz Urriza Lazkoz (Bakaiku), David Oroz Alonso (Urdiain) eta Javier Ollo Martinez (Altsasu).
Bestalde, Altsasuko zerrendei erreparatuta izen ezagun asko agertzen dira. Navarra Suma koalizioaren zerrendan daude igandean senatari kargua lortu zuen Ruth Goñi Sarries (Ciudadanos) eta UPNko Batzorde Betearazleko Raquel Garbayo Berdonces eta Jose Luis Sanchez de Muniain Lacasia. Altsasun 2003. eta 2007. urteen artean UPNko zinegotzi izan zen Ramon Casado Oliver tuterarra ere zerrendan dago. Azkenik, koalizio eskuindarraren parlamentuko zerrendan 7. Cristina Ibarrola Guillen ere zerrendan dago.
Bestetik, gaur egun alderdi sozialistaren Olatzagutiko zinegotzia dena Altsasuko PSNren zerrendaburu izanen da. Zerrenda hori Juan Migel Perez Hurtadok ixten du. Berak esan digunez, Altsasuko talde sozialista legegintzaldi honetan ez da “batere ongi” moldatu Nafarroakoarekin eta handik prestatu dute kanpotarrez betetako zerrenda. Perez “zerrendaren eta Altsasuko talde sozialistaren lotura gisa” dago, besterik ez. Azkenik, Voxen zerrendan alderdiko Nafarroako idazkari Yolanda Ruiz Amostegi dago. Voxeko idazkari nagusi Javier Ortega Smith-Molinaren anaia ere zerrendan dago. Voxen ordezkoen artean Salvador Ulaiar Mundiñano etxarriarra dago.