Derbia Lagun Artearendako

Guaixe 2019ko mai. 6a, 13:29

Erregional mailako igoera fasea. 9. jardunaldia: Altsasu 1 – Lagun Artea 3

Erregional mailako igoera faseko 9. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Altsasuk eta Lakuntzako Lagun Arteak elkarren kontra jokatu zuten larunbatean Dantzalekun, talde sakandarren arteko derbian. Altsasuarrek garaipena lortu nahi zuten, igoera fasean aukerak izaten jarraitzeko, eta lakuntzarrek, aldiz, puntuak pilatzen segitu nahi zuten, sailkapenean lehena den Ardoiri gerturatzeko. Lehen zatian Altsasuk dominatu zuen eta bosgarren minuturako Imanol Lobok talde gorritxoa aurreratu zuen, baina atsedenaldia baino lehen, Yonatan Davilak buruz sartutako gol bati esker berdintzea lortu zuen Lagun Arteak. Bigarren zatian, bi gol aukera argi izan zituen Lagun Arteak eta bietan asmatu zuen, atzera ere Yonatan Davilak eta Unai Bakaikoak altsasuarren atean gola egin baitzuten.

Ardoi B taldeak jarraitzen du Erregional mailako A multzoko lider (22 puntu). Lagun Artea bigarrena da (18 puntu), eta Altsasu zazpigarrena (6 puntu). Igoera fasea despeditzeko 5 jardunaldi geratzen dira. Asteburuan Lagun Arteak 13 punturekin bosgarrena den Urroztarra izango du aurkari eta Altsasuk, aldiz, 3 punturekin sailkapenean azkena den Amayaren kontra jokatuko du Iruñean.