Zurrumurruek eraman ez zaitzaten

Guaixe 2019ko mai. 7a, 10:43
Zurrumurruen kontrako agente ikastaroa antolatu du aurretik mankomunitateak.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Zerbitzuak antolatu du maiatzaren 17rako eta 23rako, 09:30etik 13:30era, dohainik. Mank-en Lakuntzako egoitzan izanen da ikastaroa. Izen ematea ostiralean despedituko da, horretarako: anitzartean@sakana-mank.eus edo 648 070 710ra jo.

Zenbait pertsonarekin hizketatzerakoan, edo entzuterakoan, hainbat talde sozialen inguruan estereotipoak, aurreiritziak eta zurrumurruak zabaltzen dituztela jabetzen zara. Hizkera hori iraingarria iruditzen bazaizu eta haserretzen bazaitu, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Zerbitzuak antolatutako ikastaroa zuretako da. Begoña Zestau Baraibar teknikariak azaldu duenez, esamesa horiei nola aurre egin erakutsiko dute, “kontzientzia kritikoa piztuko dugu, hainbat talde sozialen inguruan dauden estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurruen aurrean”.

Zestauk argitu duenez, ikastaroan “zurrumurruak desaktibatzeko estrategien inguruan hitz eginen dugu. Eta gure hizketarako gaitasunak hobetzea helburu duten estrategiak ezagutuko ditugu”. Jakinarazi duenez, “ egunerokoan entzuten ditugun zurrumurruak desmuntatzeko prestakuntza jasoko da modu praktikoan”. Ikastaroan lehentasuna jatorri anitzeko gizakiekin harreman zuzena duten pertsona edota profesionalek izango dute.

Bi saio
Ikastaroa maiatzaren 17an, ostiralean, hasiko da. Hasteko, estrategia komunikatibo eta emozionalak zurrumurruak kudeatzeko argibideak emanen ditu Raquel Morenok, soziologian lizentziatua, eta giza parte hartzean espezializatua. Bigarren saioa maiatzaren 23an, ostegunean, izanen da. Alde batetik, Zestauk bera kide den ZASKA! Zurrumurruen Kontrako Nafarroako Sarearen berri emanen du. Bestetik, Nafarroako Sos Arrazakeriako kide batek jatorria arrazoi, Nafarroan gertatzen ari diren bazterkeria egoeren ezagutza eta azterketa praktikoak izanen ditu hizpide. Horretarako, Integrazioa, inklusioa, asimilazioa, kultura aniztasuna, artekotasuna hitzak eta beste batzuk ere azalduko ditu.